euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

San Juango Euskal Etxeko dantza talde sortu berriak Medano de Oro herrian erakustaldia eman zuen

2008/12/26

Mercedes, Paulo eta Carina Medano de Oron dantzan (argazkia San Juan EE)
Mercedes, Paulo eta Carina Medano de Oron dantzan (argazkia San Juan EE)

PUBLIZITATEA

San Juango Euskal Etxea, Andeeetako mendilerroaren magaletatik, San Juango Euskal Dantza Taldearen lehen pausoak ilusio handiz bizitzen ari da, elkarteko kideek EuskalKultura.com-i jakinarazi diotenez. Azaroan sortu zen dantza taldea eta debuta euskal etxean egin ostean joan den abenduaren 6ean dantzaldia eskaini zuten Medano de Oro herrian. Taldeko kideak oso harro agertu dira euren ahalegin honekin euskal kultura zabaltzen laguntzeagatik.

San Juan, Argentina.  'San Juango Euskal Dantza Taldea' euskal etxetik kanpoko emankizunetan estreinatu egin zen joan den abenduaren 6ean, Medano de Oro herrian eskaini zuen dantzaldiarekin. Taldeak apenas hilabete bat darama abian baina Erica Sanchez irakaslearen gonbitea jaso zuen Presidente Sarmiento Eskolaren urte bukaerako jaialdian parte hartzeko. 'Euskal kultura eta dantzak zabaltzeko aukera oso polita iruditu zitzaigun', azaldu dio EuskalKultura-i Carina Oyolak, taldeko sustatzaile eta dantzariak. 'Ikusleak oso jatorrak izan ziren orokorrean eta dantza hauek zein herritakoak ziren jakin nahi izan zuten'.

San Juango Euskal Etxeko dantza taldea Paulo Landa, Carina Oyola, Erica Sánchez, Mercedes Cuadra eta Maximiliano Vega dantzariek osatzen dute. Eurekin batera Ismael Espinosa txistularia aritzen da, Euskal Herrian jaio baina San Juanen bizi dena. Momentuz taldeak bost kide baino ez ditu, baina euren ilusioa hazia ereiten ari da San Juango komunitatean eta etorkizunean askoz gehiago izango dira zalantzarik gabe. Gogoratu beharra dago, taldearen sorrerak bultzada handia jaso zuela orain dela hilabete batzuk Hendaiako Mutxikoak eta Hondarribiko Meakako Adixkideak taldeetako dantzari beteranoek Argentina bisitatu zutenean. Euren eredua akuilu izan zen San Juango dantzarientzako, Euskal Herria eta Diasporaren harteko hartuemanek sortzen duten aberastasun eta lankidetzaren irudi.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia