euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Salto, Uruguai: hitzarmena sinatu eta gero abian jarri da Harriague Upeltegia Kulturgune bihurtzeko proiektua

2016/12/08

Arriague Upeltegia berreskuratzeko akordioa sinatu ondoren topa egin zuten Saltoko lagunek
Arriague Upeltegia berreskuratzeko akordioa sinatu ondoren topa egin zuten Saltoko lagunek

PUBLIZITATEA

Saltoko Euskaldunen Taldea Euskal Etxeak, Saltoko Udalak eta bertako Ardogileen Elkarteak akordio bat sinatu zuten joan den larunbatean, hiriko Harriague Upeltegia berreskuratzeko. Lanak epeka egingo dira, ‘Harriague Upeltegia Kulturgunea – Tannat-en Zero Puntua’ izeneko espazioa lortu arte. Hitzarmena sinatu eta gero Euskararen Eguna eta Euskal Etxearen 24. urteurrena ospatu zituen bertan Saltoko euskal gizataldeak.

Salto, Uruguai. 2016ko otsailean aurkeztu zion Saltoko Euskaldunen Taldeak bertako Udalari Euskal Herriko Unibertsitateko UNESCOko Kultur Paisaiak eta Ondare Katedrarekin batera egindako UribARRI proiektua. Ia urtebete pasa eta gero, proiektua bideratuago dago eta hitzarmena sinatu berri dute Euskal Etxeak, Udalak eta Saltoko Ardogileen Elkarteak hiruen artean gauzatzeko. Akordioan, egin behar den lanaren oinarriak azaltzen dira, beti ere hiri uruguaitar honetako ondarea den Pascual Harriagueren Upeltegia berreskuratzeko eta bertan kulturgunea eraikitzeko asmoarekin.

Ekitaldi kulturalen habi eta sustaleku bilakatu nahi da ‘Harriague Upeltegia Kultur Gunea – Tannat-en Zero Puntua’ izango dena eta joan den larunbatean, akordioa sinatu eta gero ekimen berezi baten gertaleku bihurtu zuten, Euskararen Eguna eta Euskal Etxearen 24. urteurrena bertan ospatu batzituzten saltotarrek. Festa bear bezala 'izenpetzeko', bildutakoek erreki eder bat jan zuten eta eskualdeko ardoak dastatu zituzten. Eta Saltoko historian izena hizki larritan duen Pascual Harriague hazpandarraren jardunbideari buruz gehiago jakitzeko, hitzaldia eskaini zuen Alberto Eguiluz aditu saltotarrak.

Euskalkultura.com-ekin hizketan, pozik eta harro agertu da Luis Zaldua Saltoko Euskal Etxeko lehendakaria, akordioaren berri galdegin diogunean: “Aspaldiko proiektua da eta duela urte bete aurkeztu genuen Udalean… Orain azkenean legezko markoa eman ahal izan diogu proposamenari, ekintzak egiten hasi ahal izateko. Irrikan geunden lehenengo ekintza egiteko; eta egin egin dugu: Euskararen Eguna eta gure euskal etxearen urtemuga ospatu ditugu, euskal apaingarriz hornitu dugun upeltegian. Orain egutegia osatzen jarraitu behar dugu eta eraikuntza hobetzen”.

Agintari ugarik hartu zuten parte larunbateko zeremonian eta ondoko ospakizunean: Andres Lima hiriko alkateak, Ardogileen Elkarteko ordezkariek, Luis Zaldua Euskal Etxeko lehendakariak eta zuzendaritza batzordeko kide batzuek, eta Hugo Zaldua, Adela Soto, Maria Noel Irabuena eta Maria Cristina Juanena lehendakari ohiek. Horiekin batera, Floresko Euskal Etxeko lehendakari Esteban Fagalde ere bertaratu zen Saltora eta, UPV-EHUko UNESCOko katedraren izenean, Maider Maraña arkitektoa.

Harriague Upeltegia

Harriague Upeltegia 1860. urtean sortu zuen Hazparnen jaiotako Pascual Harriaguek. Denborarekin eta lan handia egin ondoren, izen handiko upeltegia eraiki zuen lapurtarrak eta Tannat motako mahatsondoa Uruguaiko ikur bihurtu. Hala ere, eta oraindik argi ez dauden arrazoiengatik 1910. urtean funtzionatzeari utzi zion eta Upeltegiaren lur eremu eta eraikinak Udalaren esku geratu ziren. ‘Harriague Upeltegia Kulturgunea – Tannat-en Zero Puntua’ proiektuak hiriarena eta euskal gizataldearena den ondarea berreskuratzeko helburua du eta horretan ari dira lanean Udala, Ardogileen Elkartea eta Euskal Etxea, UPV-EHUko UNESCOko katedra laguntzaile.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia