euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Batek euskara bultzatzeko lehiaketak jarri ditu abian Argentinako Euskal Asteari begira

2007/06/26

Zazpirak Bat Euskal Etxean eginiko Bilkura Orokor bat
Zazpirak Bat Euskal Etxean eginiko Bilkura Orokor bat

PUBLIZITATEA

Zazpirak Batek izango du aurten Euskal Astea antolatzeko ardura eta giroa berotzen hasi asmoz bi lehiaketa eta txikientzako jarduera bat jarri ditu abian. Afitxeen lehiaketa, Gernikako bonbardaketaren 70. urteurreneko lehiaketa eta haurrek egingo dituzten postal erakusketa dira jarduerak eta hiruek euskara dute hari nagusi. Deialdia euskara ikasle eta irakasleei zuzendua dago eta lehiaketen zein postalen jardueraren emaitzak Euskal Astean ikusgai izango dira (urriaren 5, 6, eta 7an), Rosarion.
Duela zenbait urte hasitako ohiturari jarraiki, aurten ere Euskal Astea Nazionalean argentinar euskaltzaleek euren ezagutzak erakusteko aukera izango dute, euskararen inguruan antolatutako lehiaketa eta jarduerekin. Euskal Astea hizkuntza honen irakaskuntzan eginiko ahalegina ezagutzera eman eta erabilera bultzatzeko gune egokia da eta asmo horrekin Zazpirak Bat elkarteak eskara ardatz izango duten bi lehiaketa eta txikientzako jarduera bat jarri ditu abian.

Kartel Lehiaketa

Euskararen irakaskuntza sustatzea FEVAk eta euskal etxeek hartu duten engaiamendu garrantzitsuenetakoa da. Baina ikasle, irakasle eta Argentinako euskaltzaleen parte hartzea ezinbestekoa da ekimen hau aurrera ateratzeko. Zazpirak Batek eta FEVAren Euskara Arloak kartel lehiaketa bat antolatu dute eta kartel irabazlea 2008ko ikasturtearen propaganda egiteko erabiliko da, Argentina osoko euskal etxeetan.

Lehiaketa edozein mailako euskara ikasle eta irakasleei zuzendua dago, eta banaka edo taldeka aurkeztu daitezke partehartzeaileak. Pertsona edo talde bakoitzak kartel bat baino gehiago aurkeztu dezake. Gaia, noski, 2008ko euskal etxeen euskara ikastaroen zabalkuntza izango da. Lanak bidaltzeko epea uztailaren 31an bukatuko da. Sari banaketa Euskal Astean egingo dute. Deialdiaren oinarriak, hemen.

Gernikaren 70. urteurreneko lehiaketa

Beste lehiaketak Gernikaren bonbardaketa izango du ardatz, 70. urteurrena bete dela eta gertaera honen inguruko sentipen eta hausnarketek ere lekua izan dezaten Euskal Astean. Kasu honetan, bi modalitate izango dira: a) irudia; bertan argazkiak, marrazkiak, collage-ak eta kartelak sartuko dira; eta b) literatur sorkuntza eta erreportaia; bertan poesiak, ipuinak, narrazioak, entseguak, gidoiak, antzerkiak, abestiak eta komikiak sartuko dira.

Literatur sorkuntzako lanak zein erreportaiak irudiekin osotu daitezke, baina idatzizko testua euskaraz izan beharko da. Gaia Gernikako bonbardaketaren 70. urteurrena da eta lehiaketa euskal etxeetako euskara ikasle eta irakasleei zuzendua dago. Maila desberdinak daude: haur eta gazteak (17 urte bitartean); helduak (18 urtetik gora); eta taldeak (lau partaide gehienez). Bakoitzak lan bat bidali ahal izango du. Lanak uztailaren 31 baino lehen bidali behar dira. Kasu honetan arlo bakoitzekoak toki desbedinetara bidali beharko dira: 'Irudia' arlokoak Rosarioko Zazpirak Batera, eta 'Literatur Sormenezkoak' FEVAra. Maila bakoitzeko hiru lan onenek saria izango dute eta sari banaketa Euskal Astean egingo da. Deialdiaren oinarriak, hemen.

Umeen postalak

Azkenik, Zazpirak Batek euskarazko postalak egiteko gonbitea luzatu die euskal etxeetako eta Euskal Echea eskolako ikasleei. Postal hauek FEVAk erabiliko ditu gero Argentina eta Euskal Herriko elkarte eta erakundeei zorionak emateko Gabonetan eta beste data berezietan. Gaiak honokoak izan daitezke: Euskararen Eguna, Eguberriak eta Urteberria. Elkarte bakoitzak bere parte hartzaileen zerrenda bidali beharko du, eta posible balitz, txikiak lanean ari direla ateratako argazkiak. Bildutako lanekin eta argazki horiekin erakusketa bat egingo da Euskal Astean. Postalak uztailaren 31a baino lehen bidali behar dira Rosarioko Zazpirak Batera. Deialdiaren oinarriak, hemen.


Lotura interesgarriak

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea
www.zazpirakbat.com

Rosarioko EEk Euskal Astea antolatuko du (urriaren 1-7)
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 17an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia