euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Batek deia luzatu dio oro har euskal komunitateari bere euskal liburutegiarentzat izen bat topatzeko

2017/05/11

Rosarioko Zazpirak Bat
Rosarioko Zazpirak Bat

PUBLIZITATEA

1954ean inauguratu bazen ere, Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxearen baitan funtzionatzen duen euskal liburutegiak ez dauka izen berezirik bere lana eta nortasuna identifikatzeko. Horretaz ohartuta, erakundeko Zuzendaritza Batzordeak gonbitea luzatu dio Rosario barne eta kanpoko euskal gizataldeari, Liburutegiari nortasun sendoagoa emango dion izen bat aukeratzeko. Proposamenak bidaltzeko epea maiatzaren 31an bukatuko da.

Rosario, Argentina. Aktibitate handia duten euskal liburutegi askok badute euren identitatea adierazten duten izenak. Horren adibide batzuk dira, La Platako Euzko Etxeko ‘Matxin Burdin’ liburutegia (Argentinako literaturaren klasiko bat den Martin Fierro-ren euskal izena); Corpus Christiko Eusko Etxeko ‘Atahualpa Yupanqui’ liburutegia (folklore argentinarreko euskal jatorrizko abeslariaren omenean); eta Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bateko ‘Lucio Echaniz’ liburutegia (Euskal Etxeko sortzaileetako bat izan zenaren izena), hiru aipatzearren.

Kasu hauek eredu harturik, Carlos Ibarbia buru duen Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeak deialdia egin du Liburutegirako izen bat aukeratzeko. “Helburua da hiri mailan euskal kulturaren aberastasuna zabaltzea eta euskal jatorrizko etorkinek hirian izan duten eragina nabarmentzea. Horretarako nahi dugu Euskal Etxeko kideak eta oro har euskal diasporakoak inplikatzea Liburutegirako izen egoki bat aukeratzeko, Liburutegiaren nortasuna indartzen duen izen bat”, azaldu duten euskal etxetik.

Izenek Liburutegi honen berezitasuna islatu behar dute eta lagungarriak behar dute izan Liburutegia hiriko kultur erreferente bilaka dadin. Deialdian parte hartu nahi dutenek eta izenen bat proposatu, formulario hau bete beharko dute eta zazpirakbatrosario@zazpirakbat.com helbidera bidali maiatzaren 31 aurretik.

Zazpirak Bateko Liburutegiak Euskal Etxeko instalazioetan funtzionatzen du, Entre Rios kaleko 261ean. 1954ko urriaren 2an inauguratu zen eta Eusko Jaurlaritzak eta etxeko kideek egindako donazioei esker 1500 bat ale ditu gaur egun euskal historia, literatura, hizkuntza, ekonomia, geografia, sukaldaritza eta kirolari buruzkoak. Erabili eta kontsulta egiteko ez dago bazkide izan beharrik, liburutegia komunitate osoari baitago zabalik, astelehenetik ostiralera 17etatik 21etara.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia