euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak lagunen artean eta batasunerako mezu batekin agurtu zuen 2010a

2011/02/03

Claudio Esnal lehendakariaren hitzak, Olentzeroren bisita eta lagunen arteko elkarrizketak Zazpirak Bat-eko urte amaierako jaian (argazkia EE)
Claudio Esnal lehendakariaren hitzak, Olentzeroren bisita eta lagunen arteko elkarrizketak Zazpirak Bat-eko urte amaierako jaian (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Jarduera handiko euskal etxea da Rosariokoa. Urte osoan zehar, Zazpirak Bat-eko kideek euskara eta euskal dantzak ikasi, plater tipikoak zerbitzatu eta dastatu, kolektibitateari buruzko irratsaioa ekoitzi eta entzun eta, oro har, Euskal Herriko ohituretan murgiltzeko aukera dute. Urte bukaeran ekintza hauek guztiak bi elkarretaratze jendetsutan batzen dira: Euskararen Eguneko ospakizunean eta urte amaierako jaian. Joan den abenduan Zazpirak Bat-eko lagunek bi festotan hartu zuten parte eta marko honetan datorren urtean ospatuko den erakundearen mendeurrena nola burutuko den planifikatzen hasi ziren.

Rosario, Argentina. Mundu osoan gogoratu zen abenduan Euskararen Nazioarteko Eguna; eta Parana ibai ertzean dagoen hiria ez zen ospakizun horretatik kanpo geratu. Abenduaren 4ean, hain zuzen, eta bertako Genika Plazan, Rosarioko euskaldunak bildu ziren Euskal Herriko hizkuntzari omenaldia egiteko.

Baina hizkuntza ez dago isolaturik herri baten kulturan. Hori dela eta Zazpirak Bat Euskal Etxeko kideek osatu egin zuten euskararen aldeko jaia, izan ere dantza, herri kirol, janari tipiko eta musikarekin. Bide berean, gizataldeak ere ez daude bakarrik abegikor hartu zituzten herrialdeetan. Kolektibitate irlandarrak, eskoziarrak eta katalanak euren dantzariekin lagundu zituzten euskaldunak data berezi honetan.

Euskararen eguna Rosarion 2011 01

[Rosarioko Gernika Plazan egin ziren Euskararen Eguneko ospakizunak (argazkia EE)]

Urte amaiera eta erakundearen mendeurrena

Festekin jarraituz eta 2010. urteari “agur” esateko, abenduaren 11ean euskal etxeko egoitzan, asado edo 'erreki' bat partekatu zuten Zazpirak Bat-eko lagunek. Afaria bukatu baino lehen, Olentzero sartu zen gonbidatuz gainezka zegoen areto nagusira eta opari ugari banatu zituen, txikienen pozerako. 

Etorkizunari begira, euskal etxeko lehendakari Claudio Esnal-ek engaiamendu handiko hitzak luzatu zizkion bildutako jendeari. “2012an Zazpirak Bat-ek ehun urte beteko ditu eta 'erakundeak zer egin dezake gugatik' galdetu beharrean agian zer egin dezakegun guk erakundeagatik galdetzeko garaia heldu da”, proposatu zien Esnal-ek etxekoei.

“Guztiok behar dugu parte hartu, eta bihotz handikoak izan behar dugu. Jende ugarik lan egin zuen Zazpirak Bat altxatzeko; batzuk jadanik ez daude gure artean eta horiek merezitako omenaldia jasoko dute. Baina beste batzuk egoera ezberdinengatik gaur egun ez dira hurbiltzen euskal etxera. Lagun horiek etxera berriro ekartzeko ahalegin handia egin behar dugu. Urtebete dugu zeregin hori gauzatzeko. Gure etxeak merezi du urtemuga hau denok elkarrekin ospatzea”. Mezu honekin animatu zituen instituzioko lehendakariak etxeko kideak mendeurrenaz pentsatzen hastera.


Lotura interesgarriak

Zazpirak Bat Euskal Etxea
http://zazpirakbat.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia