euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Nafar Etxeak Iruñeko Ortzadarren musika eta dantza tailerra baitaratuko du datorren otsailean

2017/12/30

Rosarioko Nafar Etxeko dantzariak hiriko 2017ko Gizataldeen Jaialdian
Rosarioko Nafar Etxeko dantzariak hiriko 2017ko Gizataldeen Jaialdian

PUBLIZITATEA

Iruñeko Ortzadar elkarteko lau dantzari eta txistulari bat izango dira tailerren arduradunak, otsailaren 3tik 10era, eta aktibo dauden Argentinako nafar etxe guztietako ordezkariek hartuko dute parte. 2018ko amaieran, berriz, Nafar Etxeen bilkura ari dira prestatzen eta posible bada, Uxue Barkos bera ere bertaratuta. Rosarioko Nafar Etxeko lehendakari Raul Osvaldo Amatriainek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “Nafarroako agintariekin bildu nintzenean euren babes kulturala eskatu eta paregabeko harrera ona izan nuen”.

Rosario, Argentina. Urte pare bateko etenaldiaren ostean berriro ere emango dituzte Nafarroatik etorrita Ortzadar Euskal Folklore elkarteko kideek dantza eta musika tailerrak Argentinan eta Argentinako nafar etxeetako lagunei zuzenduta. Folklore –txistu eta dantza– tailerra 2018ko otsailaren 3tik 10era izango da, Rosarioko Nafar Etxean, aktibo dauden Argentinako nafar etxeetako ordezkariak partaide, esan nahi baita Mendoza, Bolivar, Buenos Aires eta Rosario bertako dantzariak lagun.

Aldi berean, datorren urtean baina amaieran, Argentinako Nafar Kolektibitateen Topaketa gauzatuko lukete, hau ere Rosarioko Etxea antolatzaile. Data baieztatuta egon ez arren, Raul Osvaldo Amatriain Nafar Etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i iragarri dio asmoa dela abenduaren lehenengo astean egitea eta, posible bada, Nafarroako gobernuko presidentea bera,Uxue Barkos, partaide.

2018an egingo diren gainerako ekintzei dagokienez, betiko eskaintza proposatuko dutela jakinarazi digu Amatriainek, hau da, dantza klaseak, txistu eskola, lagunarteen topaketak eta elkarretaratzeak. Urtero bezala programa berezi bat antolatuko dute Sanferminak ospatzeko, hiriko Gizataldeen Jaialdietan hartuko dute parte eta pilota txapelketa antolatuko dute Rosarioko Nafar Etxeak Funes herrian duen Reyno de Navarra izeneko kantxa estalian. Txapelketa ere egingo dute abenduko lehenengo astean, nazioarteko pilotariekin.

Bere agintaldiaren lehenengo urtea bukatzean, kudeaketaren balantze ona egiten du Amatriainek. “Agian egokiagoa litzateke balantzea Etxeko beste bazkideren batek egitea; hala ere, esan dezaket ahalegina egiten ari naizela baztertuta zeuden gauza batzuk berpizten; irailean Nafarroan izan nintzenean agintari batzuekin bildu nintzen, Uxue Barkosekin eta Joseba Asiron alkatearekin hain zuzen, eta harrera oso ona egin zidaten. Azken urte hauetan murrizketak egon dira aurrekontuetan baina guk eskatu dieguna kultur arloko babesa izan da. Zorionez gure elkartea autofinantziatzen da, baina kultura arloko euren laguntza ezinbestekoa egiten zaigu". "Eta behar dut esan oso harrera ona izan zuela gure eskaerak eta horren fruitua direla datorren urteko tailerra eta nafar etxeen topaketa”.

Etorkizunari begira, ideia diferentetako jendeak elkarrekin lan egiten jarraitzeko bere asmoa adierazi du Amatriainek: “Gure arteko molde eta ideia desberdinak errespetatu behar ditugu guztiok elkarrekin bizi ahal izateko, Nafarroan gertatzen den legez. Eta beti ere gure erakundearen helburu nagusia errespetatzen: Nafarroako Foru Erkidegoaren kultura eta ohiturak mantendu eta zabaltzea”.



Komentarioak

  • Animo

    Zorte ona opa diot Rosarioko Nafarroako Etxeko buruzagi berriari. Ea bere erakundea eta federazioa ere ireki eta lanean jartzen dituen, hala behar denean ahaleginak bateratuz aldameneko euskal etxearekin.

    Pilar Aramendia (Iruñea), 2018/01/05 18:33

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia