euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosarioko Aberri Eguna eta Gernikako bonbardaketaren urtemuga zuzenean jarraitu ahal izango dira internetez

2012/04/20

Rosario Gernikako Enparantza. Gernikako Arbolaren kimuaz gain, azpi herrialdeen armarriak, San Inazioren estatua bat eta euskal sinbologia ugari biltzen ditu Rosarioko plaza honek (argazkia Abraham)
Rosario Gernikako Enparantza. Gernikako Arbolaren kimuaz gain, azpi herrialdeen armarriak, San Inazioren estatua bat eta euskal sinbologia ugari biltzen ditu Rosarioko plaza honek (argazkia Abraham)
Mendeurrena betetzen ari den urte berean, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxe argentinarrak iragarri du bihar larunbata ospatuko duela, bere egoitzan egingo duen ekitaldi batez, Aberri Eguna eta datorren asteko ostegunean, berriz, gomuta eta ohoratze egitarau bat gauzatuko duela Rosarioko Gernika Plazan, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari. Bi ekitaldiak zuzenean eskainiko ditu internetez euskal etxeak, munduko edozein lekutatik segitu nahi dituztenek hala egin ahal izan dezaten.

PUBLIZITATEA

Rosario, Argentina. Mendeurreneko urte honetan garatuko dituen beste zenbait ospakizun eta elkarretaratze bezala, Rosarioko Zazpirak Bat euskal etxeak zuzenean eskainiko ditu bihar larunbata, apirilaren 21a, eta datorren ostegunean, apirilaren 26a, garatuko dituen ekitaldiak, Aberri Eguna eta Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena kari, hurrenez hurren. Munduko edozein lekutatik segitu nahi dituenak aski izango du euskal etxearen www.zazpirakbat.com wegunearen edo euskal etxeak kudeatzen duen euskal irratsaioaren www.palabradevasco.com.ar web orriaren bidez egitea.

Bihar gauzatuko duen Aberri Eguneko ospakizunari dagokionez, euskal etxeak mezua zabaldu die bere bazkide eta lagunei gonbidapena luzatuz 21:30etatik aurrera elkartearen egoitzan egingo den festa giroko ekitaldirako. Hemen 'taberna' deitzen den ekitaldi mota izango da, euskal jateko eta edatekoak prestatu eta zerbitzatuko direlarik eta etxeko txiki, Gaztedi Zutik, dantzari-ohi eta txikien guraso taldeak dantza egingo dutela. Zuzeneko musika 'Los Moskorras' taldeak ipiniko du. Hori guztia Entre Rios 261en.

Bestalde, datorren ostegunean, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena beteko den egun berean, lore-sorta eskaintza egingo du Zazpirak Batek Francoren laguntzaile ziren hegazki nazi eta faxistek Gernikako herriaren kontra egin zuten sarraskia gogoratzeko. 19:00etatik aurrera izango da, Gernikako Arbolaren Kimua ardatz Rosarion euskaldunei eskainita dagoen plazan, Gernikako Enparantzan, Mitre kalea eta Sabino Araba-Goiri pasaiaren artean.

Horren ondoren, 20:00etan eta atzera Zazpirak Bat-en egoitzan, bonbardaketari buruzko bideo bat emango da eta segidan Jorge Martinez Ramseyer artista plastikoak Picassoren Guernica lanari buruzko erakustaldia egingo du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia