euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rosario izanen da larunbatetik goiti Argentinako Dantza eta Musika Tradizional Nafarraren VII. ikastaroko egoitza

2008/01/29

Rosarioko Nafar Etxea (argazkia EuskalKultura.com)
Rosarioko Nafar Etxea (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Rosario hiria, Santa Fe probintzian, izango da heldu den larunbatetik aurrera aste betez Argentinako Dantza eta Musika Tradizional Nafarraren VII. ikastaroko egoitza. Bertako Nafar Etxeak antolatu duen ekitaldia da, Iruñeko exekutiboaren sostenguarekin, 35.400 euroko dirulaguntza onartu baitu Sanz-en gobernuak programa gauza dadin. Uda sasoian lehendik ere Buenos Aires, Mendoza, Mar del Plata edo Rosario bertan egindako ikastaroen bideari segituko dio eta Nafarroatik ekarriko ditu dantza eta gaita, atabal eta txistu irakasleak, Anitxu Agüera koordinatzaile.
Ikastaroak astebeteko iraupena izango du, larunbat honetan bertan hasi eta datorren asteko larunbatean, otsailaren 9an, amaitzeko. Uda sasoi bete-betean gaude orain Argentinan, hemengo urtarrila-otsaila Euskal Herriko edo Ipar Hemisferioko uztail-abuztua bezalakoak baitira eguraldiari dagokionez. Ikastaroan parte hartzeko Argentinako bost nafar etxeetako dantzari eta musikariek jaso dute gonbitea, baita Txileko Santiagoko Nafar Etxekoek ere.

Anitxu Agüera izango da ekitaldiko koordinatzaile. Irakalse, berriz, Oscar Vidorreta Ibarra, Miguel Gasset Gascón eta Paula Lacarra Saso arituko dira, dantza arloari dagokionez; musika aldetik Diego Jiménez Berdonces, Juan Ignacio Peñalva León, Gorka Sarasa Aguirre eta Iranzu Gutiérrez Sáez-en laguntza izango dute, musikari eta, hala badagokio, gaita, atabal eta txistu irakasle gisa, Iruñetik jakin arazi denez.

Ikastaroari loturik, Miguel Sanz buru duen exekutiboak onartu berria du orain hurren eginiko Gobernu Batzordean programa hau guztia burutzeko dirulaguntza, 35.400 euro, 'Nafarroako Gobernuak kanpoko nafar etxeekin daramatzan lankidetza ekimenen esparruan'.


Lotura interesgarriak

Rosarioko Nafar Etxea, Argentina
www.centronavarro.com

Buenos Aires-ko Nafar Etxea, Argentina
www.centronavarro.org

Bolivar-ko Nafar Etxeak dirulaguntzak banatu ditu
2007ko azaroaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

'Nafarroak ez dauka antzik nire aitak esaten zuen landa eskualdearekin'
2007ko urriaren11ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Catalán-ek margo erakusketa inauguratu Zaragozako Nafar Etxean
2007ko urriaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia