euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rocio Basterra Viedma-Patagonesko Aberri Etxeko lehendakari hautatu du elkarte patagoniar honetako Batzarrak

2018/05/24

 Raul Goykochea eta Rocio Basterra (argazkia NoticiasNet)
Raul Goykochea eta Rocio Basterra (argazkia NoticiasNet)

PUBLIZITATEA

Jardunbide luzea du Rocio Basterra de Vall Iturriak Viedma eta Carmen de Patagones eskualdeko Aberri Etxean: dantzari, euskara irakasle, txikien monitore… Orain ordea engaiamendu handiagoko kargu bat eman diote; izan ere lehendakari hautatu dute azken Batzarrean, eta Etxeko lehendakari gazteena eta aurreneko lehendakari euskalduna izango da. Rocio oso hunkituta agertu zaio EuskalKultura.com-i hautatze honek dakarren errekonozimenduagatik eta hasia da dagoeneko planekin lanean.

Viedma-Patagones, Argentina. Aste honetatik aurrera lehendakari berria izango du Buenos Aires probintziako Carmen de Patagones eta Rio Negro probintziako Viedma hirietako euskal kolektibitateak biltzen dituen Aberri Etxea Elkarteak. Azken batzarrean, agintari makila pasatu dio Raul Goykocheak eta irakaslea prest dago jadanik bi urteko agintaldiari behar bezala ekiteko.

Basterrak berak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, aurreko Zuzendaritza Batzordeak bideratutako hainbat proiekturekin segituko du berak ere. “Oraingo Batzordean dauden kide batzuk aurrekoan ere zeuden; lan lerro berdinak jarraituko ditugu hein handi batean, epe luzerako pentsatuta zeuden helburuei eutsi nahi baitiegu”, baitetsi du.

Honi lotuta, momentu honetan bi lehentasun dituztela azpimarratu du Basterrak: “Alde batetik, nazio eta nazioarte mailako beste erakunde batzuekin harremanak estutu nahi ditugu; bestetik, egoitza handitu behar dugu leku eza gero eta nabariagoa egiten baitzaigu”. Horrekin batera beste eginkizun batzuk ere mahaigaineratu ditu, hala nola autofinantzatzioa lortzea eta jende gaztea erakartzeko ekintzen antolaketa; baita ere, erakundearen sorrera-helburuekin bat, euskal eta argentinar baloreak zabaltzen segitzea. Batzorde berriarekin lan solidarioak ere jarraituko du eta Euskal Etxeak babesten dituen Patagonesko ‘Casa de Abrigo’ ekimenak eta Viedmako 70. zenbakidun haurtzaindegiak kolektibitatearen laguntza jasotzen segituko dute.

Kultur eskaintza

Viedma eta Patagoneseko Euskal Etxeak kultur eskaintza zabala du. Bere parte dira ‘Lagun Onak’ dantza taldea, ‘Abestu Beti’ abesbatza, umeentzako kultura eta euskara tailerra… Horrez gain helduentzako euskara klase eta tailerrak ere badazka, Zine Zikloa laster berrabiatuko du eta sukaldaritza topaketak hilero egiten segituko. Rocio bera oso aktibo da Euskal Etxeko aktibitateetan: dantzari eta abesbatzako kide izateaz gain euskara klaseen arduraduna da.

Atlantikoaren bi aldeetan

Euskal jatorriko familia baten baitan jaio zen Rocio baina ez zen soilik etxean ikasitakoarekin geratu. Gehiago nahi zuen eta bi euskal etxetara hurbildu zen: Bahia Blancako Union Vascara (hamar urte baino gehiago bizi izan baitzen Bahian) eta bere herriko Aberri Etxera. Dantzak, euskara eta kultura ikasi zituen eta euskal kolektibitatearen erreferente bihurtu zen bere eskualdean. Baina bertan ez ezik, Euskal Herrian ere egin du bidea euskal argentinarrak. HABEk sustatutako Euskara Munduan ikasi eta gero, Eusko Jaurlaritzaren 80. urteurrena dela eta Euskal Telebistak egindako ‘Orain 80 urte’ dokumentalaren aurkezlea izan zen eta, aurretik,‘Yes we jai’ saioko aurkezle ere izan zen.

2018 honetan etapa berria hasiko du argentinar euskaldunak eta dudarik gabe arrakastatsua izango du aurrekoak bezalaxe. Zorionak, Rocio!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia