euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio Cuartoko 'Gure Ametza' Euskal Etxeak bere webgunea sareratuz ospatu zituen elkartearen 15 urteak

2009/10/26

Euskal Etxearen barnealdeko ikuspegia, 'Gure Ametza'ren 15 urteak ospatzeko eginiko festaldian
Euskal Etxearen barnealdeko ikuspegia, 'Gure Ametza'ren 15 urteak ospatzeko eginiko festaldian

PUBLIZITATEA

Berrehun lagunetik gora partaide ospatu zituen Rio Cuartoko 'Gure Ametza' (sic) Euskal Etxeak, Cordobako probintzia argentinarrean, elkartearen lehenengo 15 urteak. Euskal Etxearen egoitzako areto nagusira bildutakoek afari goxoa dastatu ahal izan zuten, euskal etxearen 15 urteko ibilbidea azaltzen zuen dokumental bat ikustearekin batera. Gauak ondoko Villa Mariako dantzarien emanaldia ere ekarri zuen. Giroa, egokia suertatu zen 'Gure Ametza'ren webgunea aurkezteko, Iñaki Bilbaok egina.

Rio Cuarto, Argentina. Urriaren 11ean, igandez, egin da Rio Cuarton, bertako 'Gure Ametza' (sic) euskal etxearen 15 urteak ospatzeko festa. Giro alai eta aldi berean hunkigarri batean, berrehun lagunetik gora, tartean bazkideak, euren familiak eta elkartearen adiskideak, ekin zioten EEren egoitzako areto nagusian ipinitako mahaietatik ikuskizuna txalotu eta afariaz gozatzeari. Villa Mariako euskal dantzariak, 'Jai Alai' izenekoak, eta baita 'Helduak' helduen taldekoak ere gaualdia edertu eta biziagotu zuten.

2009 rio cuarto 15 urteurrena 02

[Villa Mariatik etorri ziren dantzariak, Rio Cuartoko anai-arreben festa handia edertzeko]

Besteak beste bertaratu ziren Villa Mariako Eusko Etxeko lehendakari Raúl Alberto Onnainty; Alejo Martín, Cordobako 'Gure Txokoa' Euskal Etxeko lehendakaria; eta Villa Mercedesko (San Luis probintzian) 'Euskal Etxea'ko ordezkariak.

2009 rio cuarto 15 urteurrena 03

[Euskal Etxeko webgunea, Iñaki Bilbaok diseinatu eta osatua; 'Gure Ametza', munduan interneten lehio propioa daukaten euskal etxeen taldean kokatzen du]

Ospakizunetako ardatzean elkartearen webgunearen aurkezpena gailendu zen. Iñaki Bilbaok diseinatu eta gauzatua, bertan zeudenen txaloak bildu eta onespen hitz andana bereganatu zuen. Euskal Etxearen bizitza instituzionala agertzeaz gain, www.centrovascoriocuarto.com, webgune hezitzaile eta elkar-eragile gisa plazaratzen da eta euskal kultura, historia, kirolak, lurraldeak eta beste zenbait gai ukitzen ditu.

2009 rio cuarto 15 urteirrena 04

[Dantzarietako batzuk, ongi merezitako atsedena hartzen, Gure Ametzaren urtebetze ekitaldiak euren jauzi eta erritmoen kolorez edertu ondoren]

Aurkezpen horrekin batera, Euskal Etxera bildutakoek elkartearen 15 urteotako bizitza irudietan zeharkatzen zuen dokumental bat ikusi zuten, barnean lehendabiziko lehendakari eta bazkide sortzaile izan zen Imanol Bilbaoren agur hitzak. Jarraian, eskertze diplomak banatu zitzaizkien Berta Ascacibar eta Imanol Bilbao bazkide sortzaileei. Euskal Etxeko Gazteria Sailak ere oroigarri bat eman zion Bilbao familiari, hamabost urteotan etengabeko laguntzaile izateagatik.

Zorionak, Gure Ametza!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia