euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rio Cuartoko Gure Ametzak Aberri Eguna ospatu zuen Imanol Bilbao Ohorezko Lehendakari izendatuz

2010/04/23

Imanol Bilbao, Gure Ametzako Ohorezko Lehendakaria (argazkia EE)
Imanol Bilbao, Gure Ametzako Ohorezko Lehendakaria (argazkia EE)

PUBLIZITATEA

Aberri Eguneko ospakizunen testuinguruan, Rio Cuartoko Gure Ametza-ko (sic) kideek omenaldia egin zioten etxeko sortzaileetako eta erakundeko lehenengo lehendakaria zen Imanol Bilbaori. Ekintza hau azkena izan zen aktibitate handiko hilabete batean Cordoba probintziako euskal etxe honetan. Izan ere martxoan zehar eta Gazteria Arloak antolatuta, politikari buruzko zine zikloa gauzatu zen Gure Ametza-ko egoitzan. Euskal baserrien eta musika tresnen argazki-erakusketa ibiltaria ere egon zen ikusgai euskal etxean, eta 150 lagun hurbildu ziren bai dokumentalak bai argazkiak ikustera.

Rio Cuarto, Argentina. Joan den martxoaren 31an eta Aste Santua hasi aurretik, Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxeko kideek amaiera eman zioten ekintzaz betetako hilabete bati. Zeremonia hunkigarri batean omenaldia egin zitzaion etxeko sortzaileetako eta erakundeko lehendakari ohia den Imanol Bilbaori. Bilbao Gallartan jaio zen Espainiako gerra zibila hasi baino lehen. 1952. urtean Argentinara etorri zen eta Pergamino hirian bizi ondoren Rio Cuarton kokatu zen 1956an. Hor, denboraren poderioz, hirian ospe handia erdietsitako “Bilbao” Denda ireki zuen.

Rio Cuartoko Gure Ametza 2010 1

[Imanol Bilbaori emandako plaka (argazkia EE)]

Garai hartan, Rio Cuarto-n ez zegoen euskal etxerik eta Imanol Bilbao beste euskaldun batzuekin elkartu zen euskal etxea sortzeko asmoz. Hasieran proiektua baizik ez zena laster burutu zen. 1994ean Gure Ametza Euskal Exea jaio zen eta lehenengo lehendakaria izatearen ohore eta ardura Bilbaorena izan ziren. Martxoaren 31an egindako omenaldian, gaur egungo batzordeak beste kide sortzaileekin batera omenezko plaka bat eskuratu zioten Bilbaori.

Rio Cuartoko Gure Ametza - Aberri Eguna 3

[Batzordeko kideak eta etxeko sortzaileak Bilbaori egindako omenaldian (argazkia EE)]

Zinema zikloa eta argazki erakusketa

Bestalde, euskal etxeko gazteek zine zikloa antolatu zuten politikaz eta martxoan zehar gerra zibil eta Euskal Herriko Rock-aren historiari buruzko dokumentalak bota zituzten Gure Ametzako egoitzan. Hauetaz gain, Julio Medemen “La pelota Vasca” pelikula proiektatu zen. Euskal Etxera bertaratu zen jendeak euskal baserrien eta musika tresnen erakusketaren argazkiak ere ikusi ahal izan zituen. 'Horrelako ekintzak egiten ditugun lehenengo aldia da hau guretzat eta oso kontent gaude arrakasta handia izan dugulako. 150 lagun etorri ziren filmak eta erakusketa ikustera eta interes handia erakutsi zuten', adierazi diote EuskalKultura.com-i euskal etxeko kideek atseginez beteta.

Rio Cuartoko Gure Ametza 2

[Martxoan zehar zine zikloa garatu zen Gure Ametza Euskal Etxean (argazkia EE)] 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia