euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Rhode Island-eko Euskal Etxeko lagunek Txitxiburduntzi 2011 festa ospatu dute AEBetan

2011/06/16

Rhode Island Basque Club-aren 2011ko Txitxiburduntzi-ra bildutakoen argazkia (RIEE argazkia)
Rhode Island Basque Club-aren 2011ko Txitxiburduntzi-ra bildutakoen argazkia (RIEE argazkia)
Euskal Herrian ohi dena baino beranduago, baina Rhode Island-eko Euskal Etxeko lagun talde bat Txitxiburduntzi festa ospatzeko bildu zen joan den maiatzean AEBetako Ekialde Kostan. Rhode Island-eko Euskal Etxea NABOk kide gisa onartu duen azkeneko euskal elkartea da, federazioak otsailean Salt Lake Cityn egin bileran onartua. Bere bazkideetako asko pilotarekin zerikusia izanak dira, Rhode Island eta ondoko Connecticutek jaialai kantxa profesionalak izan baitzituzten. Elkartea 2003an sortu zen, eta geroago, 2010ean etekin asmorik gabeko erakunde gisa legeztatu. Bertako lehendakari Roberto Guerenabarrenarekin mintzatu da EuskalKultura.com.

Providence, AEB. Estatu Batuetako estaturik txikiena da Rhode Island, baina bertan eta ondoko Connecticut-en, New York ondoan, euskal pilotari multzo batek eta euren familiek bizileku topatu zuten, jaialaia oraindik ere gailurrean zegoenean Estatu Batuetan, bertan egon ziren jaialai kantxetan. Jaialaia joan zen eta pilotarietako asko itzuli ziren Euskal Herrira, baina beste batzuk hemen gelditu ziren. Horiek eta beste euskal lagun batzuek, biltzen hasita, 2003an elkarte formala eratu eta geroago, 2010ean, legearen aurrean irabazki asmorik gabeko elkarte gisa antolatu dira, izan ere segida hobea eman ahal izateko eurentzat eta euren seme-alabentzat gorde nahi duten euskalduntasunari.

Honi guztiari buruz asko daki Roberto Guerenabarrena elkarteko lehendakariak. Euskal ohiturak gordetze horretan, ospatu berria dute, joan den maiatzean, Txitxiburduntzi festa, Euskal Herriko leku batzuetan Inauteri garaian Garizuma eta Hausterre egunaren aurretik segitzen den ohitura bat, zerriaren hilketari lotua eta zerriaren mozkinak janez egiten den elkarretaratzea.

Riki Lasaren etxean egin da. IJAPAko lehendakari gisa ezagun egin zenak urte askotan antolatu izan ditu elkarretaratzeak bere etxean eta aurtengoan Txitxiburduntziarekin bildurik, aitzeki ezin hobea izan da lagunak etxera bildu eta txorizo eta saltxitxak, zerria eta zerrikiak alegia, erre eta elkarrekin dastatzeko. Rhode Island eta Connecticutetik inguratu dira jendeak bestarako. Bileran zehar herri kirol batzuk ere praktikatu dira, hala nola aizkora eta Txingaerutea. Deialdia ez zen, beraz, zuzenean Euskal Etxeak egina, baina euskal etxekoak partaide ziren eta, hain zuzen, bertaratutako gehienak EEko bazkide ziren.

Rhode Island Basque Club delakoak 62 kide dauzka gaur egun, baina abuztuaren 28an egin behar duen urteroko biltzarrerako 100 lagunetara iristeko erronka ezarri dio bere buruari. Elkartea, bestalde, lanean ari da paperak prestatzen Eusko Jaurlaritzak ofizialki harrera eman diezaion euskal etxe gisa, NABOri dagokionez joan den otsailetik NABOko kide baita. Oraingoz interneten badute presentzia, euren webgunea medio, eta Facebook-en ere badaude.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia