euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Renovación Vasca' du izena Alejo Martin FEVAko hurrengo lehendakari paratu nahi duen zerrendak (II)

2010/02/25

Alejo Martin, Cordoba hiriburuko Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakaria eta FEVAko lehendakaritzarako hautagai (astelehenetik aurrera) 'Renovación Vasca'ko zerrendaburu gisa
Alejo Martin, Cordoba hiriburuko Gure Txokoa Euskal Etxeko lehendakaria eta FEVAko lehendakaritzarako hautagai (astelehenetik aurrera) 'Renovación Vasca'ko zerrendaburu gisa

PUBLIZITATEA

Aurreko artikuluan FEVAko hauteskundeetan lehiatuko den jarraipenezko hautagaitzaren berri ematen genuen, eurak plazaratutako proposamen sorta eta aurkezpen lerro batzuk medio. Oraingoan, beraz, zerrenda berritzaileari, edo bere burua 'euskal berritzaile' aurkezten duen 'Renovación Vasca' izenekoei dagokie txanda. Cordoba probintziako izen bereko hiriburuko 'Gure Txokoa' Euskal Etxeko lehendakaria da gaur egun Alejo Martin zerrenda alternatiboko burua. Bistan denez, egun FEVAn agintean direnekin kritikoa da, eta hautagaitza bateratu bat proposatu ziela esan ondoren, kargu garrantzitsuren bat edo batzuk eskainiz, erantzunik eskuratu ez duela dio, eta bere helburua oraingoan bai --duela bi urte atean gelditu zen-- FEVAko lehendakari bihurtu eta Federazioko moduak eta praktikak aldatzea dela ziurtatzen du.

Buenos Aires, Argentina. Zerrenda ofizialistarekin egin dugun legez, zerrenda berritzailearen  aurkezpen artikulu bat --eurak idatzia-- eta FEVArako proposatzen dituzten neurrien berri ekarri dugu artikulu honetara. Hona Alejo Martin buru duen hautagaitzak esaten duena eta proposatzen duena. Esan beharrik ez dago, aurreko zerrendak bezala honek ere gaztelania hutsean banatu duela bere materiala. Nahi izanez gero, jatorrizko gaztelaniazko bertsioan irakur dezakezu.

DENBORAREN TUNELA

Kaixo lagunok,

Egunez egun biltzen ari garen atxikimenduek ez dira kointzidentzia hutsa. Mezu bat dira, jarraikortasun prozesua deitu izan dena osatzen dutenek kontuan har dezaten, urte asko baitaramatzate gure Federazioa kudeatzen.

Atzera gehiegi jo gabe (2008. urtea), oroi dezakegu jarraikortasun honetako agenteak Guztiontzako FEVA baten alde mintzo zitzaizkigula...!! Horretan (eurak esana) hobe zela "txar ezagutua ona ezagutzeke baino", eurak euren buruari segida emateko eskubidea hartzen dutelarik eurentzat, gaitasun gehiendunak, eskarmentudunenak direla pentsatzen baitute eta, horregatik, euren burua jotzen dutelarik gure Erakundeak bizi duen ongizate eta harrotasunaren arduradun bakar (...?).

Hara bada, lagunok, berriz ere 2008ra itzultzeko zorian gaudela. Berriro ere eurak eta agente gutxi batzuk mugitzen ari dira euren ordezkoengan eragina izaten segitzeko helburu bakar batekin: jarraikortasun prozesua blindatzen, Guztiontzako FEVA baten alde 2:0 bertsioan eskainiz.

Hala ere, eta buruzagi arduratsu eta entzuten dakigunak garenez, jarraikortasun honekin talka egiteko saio bat egin dugu. Horren froga, toki garrantsitsuak eskaini genizkiela ustezko batasun zerrenda batean, baina begi bistan denez, jasotako presio, berenkoikeriak eta eta konpromisoek ez diete askatasunez jokatzen zuten; eta behartu dituzte gaur egun ere eskaini diegun eskua errefusatzera. Ongi dago batasuna nahi dutela esatea, baina eurak izanik guztia erabakitzen dutenak. Hala ere, geure batasun proposamenak hortxe segitzen du, euskal argentinarrak zeozer hobea merezi genuela pentsatzen duten guztientzat.

Egun gutxi batzuk gelditzen dira oraindik, eta agian pertsona batzuk gogoetari eragingo diote eta ulertuko dute jarraikortasuna denboraren tunelean sarztea dela eta iraganean segitzea.

Agur bero bat.
Renovacion Vasca zerrenda
ccvvbetiaurrera@gmail.com

PROPOSAMENAK

Kultur ekimena areagotzea

Ekitaldi programa euskal etxe guztien eskaerak eta beharrak kontuan hartuz osatzea proposatzen da, bilduz ez soilik esparru edo arlo bakoitzean adituak diren hizkariak, baizik eta Euskal Etxe bakoitzak pertsonak bultza ditzatela hitzaldiak, ikastaroak, tailerrak eta abar emateko, behar diren baldintza didaktiko eta pedagogikoetan.

Euskal Etxeek egiten dituzten ekintzetan euskal kultura eta baloreak sustatu nahi izango dira beti ere. EE bakoitza bere komunitatean kokatu eta barneratua egon dadin suspertuko da, bere kideak dauden arlo eta inguruetan presentzia baliozkoa eta egokia bilatuz.

Hedapena eta Harreman Publikoak lantzea

Nonahi, euskal kultura eta baloreak sustatzearren. Komunikazio Plan Estrategikoa berbegiratuko da.

Aholku Batzordea

Arlo bakoitzeko pertsona egoki eta jakitunak bilatuko dira Aholku Batzorde bat osatzearren. Euren lana iritsi, irizpide eta esperientziak ekartzea izango da, erabakiak hartzerakoan. FEVAri eta Euskal Etxeei lagunduko die.

Euskal Argentinar Aterpeen Sarea

Geure euskal etxeak lurralde osoan daudenez, batzuek turismo lekuetan kokatuta, interesgarritzat jotzen da aterpetxeak sortzea halakorik ez dagoen leku bideragarrietan, euskal etxeek horretarako izan ditzaketen espazioetan. Horretarako Eusko Jaurlaritzaren eta Argentinakoaren sostengua bilatuko da.

Autogestioa

Ekitaldi eta hitzarmen onuragarriak lortzea bilatuko da, Federazioak eta euskal etxe bakoitzak dituen sarrerez gain beste berri eta osagarri batzuk eukitzearren.  Helburua, menpeko egoerak ekiditea eta aldaketen aurrean zerbait egin ahal izatea, baliabide propioak bultzatuz.

Odol bankua

Gaur egun arrakastaz dauden esperientziak nabarmenduko dira, agertzen diren egoerei eta beharrei aurre egiteko.

Bidaiak sustatzea

Dagokionarekin lan egingo da euskal etxeetako kideei beherapenak eta onurak ekartzeko.

Etengabeko formakuntza

Euskal Etxeetan interesa pizten duten gaietan agenda bat osatuko da. Tokiko hizlariak proposatuko dira, baita Euskal Herrikoak eta beste herrialde batzuetakoak. Baita ere ondoko herrialdeetako euskal etxeetakoak: Txile, Uruguay.

Euskal etxeen arteko harremana areagotzea

Elkarrekin adostuta, euskal etxeen arteko elkarlana sustatuko da, harremanak suspertuz eta ondoan dauden euskal etxeen arteko komunikazioa eta erlazioa bultzatuz.

Gazteei are sostengu handiagoa ematea

Gazteek eurek proposatutako kezka, beharizanei erreparatuko zaie, orientatuz eta euren gain har ditzaketen ardurak emanez. Euskal Asteetara joan daitezen bideratuko da.

Euskararen presentzia nonahi areagotzea

Eusko Jaurlaritzatik geure hizkuntzari ematen zaion sostengua areagotuko da. Gau eta esparru berrietara ekarriko da.

FEVAren estatutua berbegiratzea

Erakunde gisa berbegiratzeko erabakia hartzea, aldatuz, moldatuz eta eguneratuz.

Gaur egungo kirol ekimenen bide hazkorrari ekitea

Euskal Herriko eta Argentinako kirol erakundeekin hitzarmenak sinatuz. Euskal Etxeekiko segimendua areagotzea, kirol arloan egiten diren programetan ahalik eta gehien har dezaten parte.

Futbol, saskibakoi eta beste kirol batzuk suspertzea, euskal etxeen artean lehiatuz edo Euskal Herriko taldeekin.

Udaleku eta gainerako ekintzak

Laguntzea eta eskualde edo beste maila batzuetan sortzen saiatzea

Genero berdintasuna

Interes berezia ipiniko da Emakumearen partaidetza eragin, bideratu eta erraztuko duten neurriak hartzearren

FEVA agiria abiaraztea

Agiri edo karneta izateak abantailak izan ditzan, erosketak egiterakoan edo bestela. Doanekoa izan dadila.

FEVAren webgunea berrabiaratzea

Eguneratzea, benetan kontsultak egiteko baliagarria izan dadin. Diasporako gainerako webguneekin elkarlana sustatzea.

Gizarte Ekintza eta Giza Eskubideak

Eragin eta lagundu FEVAk zein euskal etxeek gizarte ekintzaren alorrean egiten dituzten lanak, gizarte inklusioa babestuz. Gogoeta bultzatzea eta Giza Eskubideak, edonon dela ere, babestea.

Jasotzeko proposamen berriak...

Errealitate berriari egokituak izan daitezen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia