euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Renoko (Nevada) prentsa eta telebistak oihartzuna eman diote Louis Erreguible euskaldunaren heriotzari

2017/07/28

Louis Erreguible mauletarra Louis' Basque Cornerko barra atzean zuela (argazkia Rgj.com)
Louis Erreguible mauletarra Louis' Basque Cornerko barra atzean zuela (argazkia Rgj.com)

PUBLIZITATEA

Joan den igandean hil zen Renon Louis Erreguible mauletarra, pertsona ezaguna renotar euskaldunen eta ez euskaldunen artean, berak 1967ko abenduan zabaldutako "Louis' Basque Corner" Renoko euskal jatetxe klasikoetakoa izan baita geroztik, euskaldunen biltoki, baina aldi berean hiriko biztanle eta bisitariena oro har. Lekua 2010ean saldu bazuen ere, segitu dio aurreko ildorari. Louis gogoratzeko elizkizunak abuztuaren 26an egingo dira, hamaiketako batekin ondoren, Louis' Basque Corner-en, jakina.

Reno, NV, AEB. 90 urte zituela hil da Renon Louis Erreguible, Louis' Basque Corner-eko sortzaile eta sukaldari izana. Maulen 1926an jaioa, 1948an emigratu zuen Estatu Batuetara, hemen zeukan osaba batek deiturik. Handik gutxira artzain bizitza baztertu eta Renoko jatetxeetan aritu zen lanean, 1967an bere leku propioa, Louis' Basque Corner, zabaldu zuen arte. Egun bi euskal jatetxe geratzen dira hirian, Santa Fe --hau ere saldua, aldaketak espero zaizkio datozen hilabeteetan, aldaketen zeinua jakin gabe-- eta Louis' Basque Corner, biak elkarrengandik hurbil, Renoko kasino zati nagusia bertan dutela.

Louis Erreguible-ren heriotzaren berria zabaldu bezain pronto lekua eskaini diote Renoko prensa idatziak zein telebista eta irratiek. Honela jasotzen zuen Renoko eginkari nagusia den Reno Gazette Journal-ek: "Louis Erreguible of Louis' Basque Corner dies at 90". AP agentziak ere tokiko bere berrietan eman du.

Honela, esaterako, albisteetan, KRNV katean:

Bere aldeko elizkizunak abuztuaren 26an, larunbata, egingo dira, goizeko 10:00etan, Limako Santa Rosaren Eliza Katolikoan. Ondoren harrera-ekitaldi bat eskainiko zaie bertararturakoei Louis' Basque Corner-en.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia