euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Quebec-eko Euskaldunak-ek "Basque Diaspora Weekend" antolatu du asteburu honetan Montrealen, NABO bilkura barne

2017/10/06

PUBLIZITATEA

 

"Basque Diaspora Weekend" izenpean, Quebec-eko Euskaldunak Euskal Elkarteak ekitaldi egitarau oso bat antolatu asteburu honetarako Montrealen, barne dela NABOren Udazkeneko Bilkura. Izan ere, bilkura honetako buru gisa estreinatuko da NABOko lehendakari berria, Annie Gavica boisetarra, joan den uztaileko NABOen Biltzar Nagusian hautatua. Montrealgo programako parte izango dira, bilera-saioez gain, euskal dantza ikuskizunak, herri kirolak, estropadak, janari ona eta adiskidantza giroa.

Montreal, Quebec. Montrealen egoitza duen Euskaldunak Quebec Basque Association izango da ekitaldietako anfitrioi eta arduraduna. Ekitaldietako bat NABOren Udazkeneko Bilkura izango denez, bertara deituak daude NABO federazioko kide diren Estatu Batuetako eta Kanadako euskal etxeetako ordezkariak. Tamaina apalekoa izan arren, urte osoko ekitaldi sorta polita antolatu ohi du Euskaldunak elkarte quebec-tarrak, tartean direla euskara eskolak, euskal dantza, elkarretaratze eta ikuskizunak, euskal festak eta baita arrauna ere, bere treineru propioa baitauka euskal etxeak.

Asteburuko ekitaldiak gaur bertan, ostirala, hasiko dira HO.ST geltokian arratsaldeko seietan. Larunbatean, goizeko 9:00etatik aurrera, NABO bilkura egingo da, Marché Jean Talon-en 8:30etan gosaldu ondoren. Azpimarra daiteke, joan den uztailean Buffalo, Wyoming-eko Biltzar Nagusian hautatua izan ondoren, hau izango dela NABOko lehendakari berriak, Boiseko Euskal Museoko zuzendari den Annie Gavicak zuzenduko duen ehenengo ohiko bilkura.

Larunbat arratsaldean, Herri Kirolen txanda etorriko da eta hor arituko dira New England Basque Club-eko kirolariak, mota desberdinen erakustaldiak egiten. Horrekin batera, euskal dantza emanaldia ere izango da, pintxo lehiaketa bat eta afaria, eta ondoren dantzatzeko tenorea. Igandean, urriaren 8an, programa Lachineko Arraun Elkartera mugituko da, eta bertan arraun erakustaldia eskainiko dute euskal etxe anfitrioiko kideek, elkartearen treineruarekin. Horrekin batera, piknika partekatuko dute bertaratutakoek.

Guztiari buruzko informazio gehiago hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia