euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Madryn-go Etorritakoengatik Euskal Etxearen stand-a euskal koloreen defendatzaile 'Madryn al plato' azokan

2017/07/04

Euskal standaren ikuspegia Puerto Madryngo 'Madryn Platerean' jaialdiaren 10. edizioan
Euskal standaren ikuspegia Puerto Madryngo 'Madryn Platerean' jaialdiaren 10. edizioan

PUBLIZITATEA

10. ediziora iritsi da eta sendo iritsi ere eskualdeko gastronomia sustatzeko helburua duen ‘Madryn al Plato’ (Madryn Platerean) jaialdia, eta 2017ko 'Baleen Denboraldia'ren hasierarekin ospatu du joan den asteburuan. Hiru ospakizun egun izan dira Puerto Madryn-en, mota askotako ekitaldiekin, tartean zirkuito gastronomiko bat, sukaldaritza klase magistralak, ekimen solidarioak eta Ekoizleen eta Diseinu Azoka. Azken honetan, izan ere, aritu da, urtero bezala jo ta ke Etorritakoengatik Euskal Etxea bere standarekin.

Puerto Madryn, Argentina. Ekainaren 30etik uztailaren 2ra arte luzatu da aurten ‘Madryn Platerean’ jaialdia eta Puerto Madryngo Etorritakoengatik Euskal Etxeak, sortu denetik egiten duen bezala, jaiko parte den Ekoizleen eta Diseinu Azokan hartu du parte, gastronomia stand batekin.

Standean, mota askotako pintxoak, han bertan prestatu eta 'labetik atera berriak' saltzen zituen Euskal Etxeko lagun taldeak. Eta geografiari erreparatuta Euskal Herritik oso urrun egon arren, hango euskal taberna baten maila ematen saiatu zen euskal etxea. Euskal Etxeko erreferente Diana Lleonart Alberdik EuskalKultura.com-i esandako hitzetan, "gure pintxoen osagaiak euskal pintxo tipikoenenak izan ziren, eta bagenezukan urdaiazpikoa, gazta, piperra, barazkiak eta, konparazio, patata tortila, batzuk aipatzearren". “Sukaldaritza azoka denez, janaria baino ezin da eskaini; eta guk euskal mokadurik ezagunena aukeratu nahi izaten ditugu. Hala ere, standak euskal itxura har zezan, ikurrinez eta beste hainbat euskal ikur eta adierazgarriz hornitu genuen, eta sukaldariok Euskal Etxeko mantalez eta nikiz jantzi genituen”. Ardoz betetako zahatoa ere ‘atera’ zuten, "baina ez erakusteko, eskuz esku pasatzeko baizik", agertu digu.

‘Madryn Platerean’-en 10. edizio honetan, izen handiko chefak bertaratu dira partaide Puerto Madrynera, tartean, Silvia Valdemoros, Pedro Lambertini, Gustavo Lena, Federico Fontán (Llao Llao hoteleko jatetxeko arduraduna) eta jaialdiaren babeslea den euskal jatorrizko Dolli Irigoyen. Hiriko agintariek ere bisitatu zituzten Azokako standak eta Puerto Madryngo Ricardo Sastre alkatea euskal standera hurbildu eta argazki atera zuen Euskal Etxeko lagunekin.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia