euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Puerto Iguazuk ‘Eskorgako Euskalduna’ren omenezko mural eta eskultura inauguratu ditu Hiru Mugen mugarrian

2017/09/06

Puerto Iguazu herriaren 116. urteurrenean inauguratuko diren mural eta eskultura. Muralaren ondoan, egilea den Marcelo Moreyra
Puerto Iguazu herriaren 116. urteurrenean inauguratuko diren mural eta eskultura. Muralaren ondoan, egilea den Marcelo Moreyra

Iguazuko Claudio Raul Filippa alkateak inauguratuko ditu datorren igande honetan, irailaren 10ean, argentinar askorentzat ‘Eskorgako Euskalduna’ ezizenarekin ezagun eta famatu egin zen Guillermo Larreguiren omenezko bi lan plastiko. Biak Puerto Iguazu herriko Kostaldeko Etorbidean egongo dira, urtero milaka asko turistak bisitatzen duten Hiru Mugetako (Argentina, Brasil eta Paraguai herrialdeen arteko) mugarrian.

PUBLIZITATEA

Puerto Iguazu, Argentina. Mota askotako aktibitateak egiten ari dira aste honetan Misiones probintziako Puerto Iguazun, hiriaren 116. urteurreneko programaren baitan. Fundazioaren egun zehatza, ordea, irailaren 10a da eta egun horretan bertan egingo zaio omenaldia Guillermo Larregui 'Eskorgako Euskalduna'ri (El Vasco de la Carretilla).

Iguazuko Kostaldeko Etorbidean dagoen Hiru Mugetako mugarritik 500 metrora, mural eta eskultura bat desestaliko dituzte hiriko hainbat agintarik, tartean Claudio Raul Filippa alkateak. Muralean Guillermo Larreguik egindako lau ibilbideak islatu ditu Argentinako mapa batean Marcelo Moreyra artista iguazutarrak. Eskultura, herriko ‘El Salvador’ hilerrian ekainean Larreguiren hilobian jarri zen eskulturaren erreplika bat da, oraingo honetan tamaina naturalean. Eskultura originala Silvana Kelm zizelkariarena bada ere, oraingoan Obera hiriko Arte Fakultateko ikasleek egin dute erreplika.

Behin artelanak desestalita, María Esther Rolon-ek --"De puro vasco nomás" izenburuko liburuaren egilea den historialariak-- aurkezpen bat egingo du. Liburuan bezala, zeremonian Larreguiren bizitzaren historiari eta bidaiei buruz mintzatuko da idazlea.

Izan dezagun gogoan Guillermo Larregui ‘Eskorgako Euskalduna’, Iruñean jaio zela 1885ean eta 1900ean iritsi zela Argentinara. Hainbat lanbidetan aritu zen eta Patagonian bizi zela, apustu bitxi bat egin zuen lagunekin: Baietz Patagoniatik Buenos Airesera iritsi, oinez, eskorga bati bultzaka. 1935an, 50 urterekin, Santa Cruzetik Buenos Airesera egindako bidaia hura, egingo zituen lauetako lehena izan zen. Azkeneko helmuga Iguazu izan zuen eta bertan bizi izango hil arte. Bere gorpua Puerto Iguazuko ‘El Salvador’ hilerrian ehortzi zuten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia