euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Poza, urduritasuna eta emozioa Ameriketako euskal artzainen festan, Bardeetan artaldeak sartu ziren egunean

2014/10/01

Jose Aguas artzainak bota zuen artaldeen sarrera Bardeetan markatzen duen tiroa (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)
Jose Aguas artzainak bota zuen artaldeen sarrera Bardeetan markatzen duen tiroa (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)

PUBLIZITATEA

Oroimen asko piztu zituen artaldean Bardeetan sartzen ikusteak bertara bildu ziren Ameriketako euskal artzainen artean. Paisaia idorrak, hautsa, ardiak balaka… Oesteko basamortuetan bizitako urteak gogora ekarri zituen batek baino gehiagok. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak deituta, jai egunaz gozatzeko bildu ziren bertara 500 lagun inguru eta horietako batek, Jose Aguas artzainak, artaldeen sarrera markatzen duen tiroa botatzeko ohorea izan zuen.

Lesaka, Nafarroa. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak bihotzetik eskertu dio Bardeetako Mankomunitateari, iragan irailaren 18an egin zen festaren partaide eta protagonista izateko aukera. Elkarteko 500 bat lagun bildu ziren bertara, Ameriketan ibilitako artzainak eta euren senitartekoak gehienak, eta zinez gozatu zuten eguneko ikuskizunaz: "Ohorea izan da guretzeko Bardeetan artaldeen azken sarrera ikustea eta egun hunkigarria eta asebetegarria izan dugu".

Eguneko unerik hunkigarrienetako bat artaldeen sarrera markatzen duen tiroa botatzekoa izan zen, aurtengoak elkarteko kide Jose Aguas artzainak izan baitzuen ohore hori. Aguasek urte asko eman zituen artzain AEBetan eta Bardeak biziki maite ditu. Harentzako, "ilusioz eta urduritasunez" betetako unea izan zen. Ondoren Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko 500 lagunek Ehiztarien Elkarteak prestaturiko artzain ogia dastatu zuten, AEBetan bizitako uneak gogora ekarri zituzten bitartean.

Jarraian, talde argazkia egin zuten denek artzainen omenezko monumentuaren aurrean eta Bankako Menditarrak abesbatzak, Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen abestia, “Euskal Sheep Company”, abestu zuen, Laura Igantzi  presidenta lagun.

Egunearen bigarren partea Olibako monasteriora bisita eginez hasi zuten elkarteko kideek. Bertan, Bankako Menditarrak koralak abestu zuen meza entzun zuten eta ondoren bazkarira bildu ziren denak, Marisol jatetxean. Han, eguneko azken sorpresak ezustean harrapatu zituen protagonistak: egun horretan bertan, orain 50 urte, AEBetara abiatu ziren hiru artzain.

“Oso zirraragarria izan zen beraien sorpresa ikustea, baten batek data hain esanguratsua ahaztuta zuelako, eta hunkitu egin ziren espero ez zituzten argazki batzuk jasotzean", esan digute elkarteko kideek. “Omenduak honakoak izan ziren: Saldiaseko Mitxeo, Zubietako Santi Hualde eta Sunbillan bizi den Felix Sarratea”. Polo bana jaso zuten, artzain baten irudiarekin eta bi datekin, orain 50 urtekoa eta aurtengoa. Horrekin batera, Inurrieta ardo kaxa bana ere jaso zuten, “tristura ardotan itotzeko edo egun hartan bizitako une ederrak ospatzeko".

Jaiak giro bikainean jarraitu zuen bazkalostean, Puro Relajo mariachi taldearen musikak alaituta. “Bazkideak autobusetara igo zirenean galdera bera egin zuten denek: non izango da datorren urteko festa?", kontatu dute antolatzaileek. Hemendik esan dezakegu, dagoeneko horretan lanean ari direla, eta sorpresa bikainak ari direla prestatzen...



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia