euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pou anaiek eta Sonia Casas mendigoizaleak euren esperientzien berri eman zieten Saltako euskaldunei

2009/04/06

Gure Etxea-ko kideak Sonia Casasen mintzaldian (argazkia SaltaEE)
Gure Etxea-ko kideak Sonia Casasen mintzaldian (argazkia SaltaEE)

PUBLIZITATEA

Saltako Gure Etxea euskal elkarteak Euskal Herriko mendigoizale eta eskalatzaile adituak izan ditu bisitan azken egunotan eta euren abentura eta esperientzien berri zuzena jasotzeko aukera izan dute bertako euskaldunek. Pou anaiak, Gasteizko eskalatzaile ezagunak, Chañi Chico paretera bidean egin zuten Saltan geldialdia eta prentsaurrekoa eman zuten herriko Goi Mendi Museoan. Bestalde, Sonia Casas bilbotarrak Fitz Roy mendira egin zuen igoerari buruzko hitzaldia eman zuen museoan.

Salta, Argentina. Euskal mendigoizaleen ahotsa Saltako euskal komunitatearenganaino heldu da azken egunotan, Argentinako inguru hauetara bisita egin duten kirolari ezagunen eskutik. Pou anaiak, Iker eta Eneko, Euskal Herriko eskalatzaile ezagunenetarikoak dira; eta Sonia Casas bilbotarra aldiz, Euskal Herrian dagoen emakumezko goi mendi gida bakarra da. Batek zein besteek hitzaldiak eman zituzten Saltako Goi Mendi museoan eta Euskal Etxeko kide ugari bertara bildu ziren.

Pou anaiak martxoaren bukaera aldera heldu ziren Saltara Chañi Chico mendian igoera egiteko asmoarekin. Mendira bidean joan aurretik Ikerrek eta Enekok prentsaurrekoa eman zuten museoan eta bueltan 'Siete paredes, Siete continentes' dokumentalaren emanaldia aurkeztuko zutela agindu zuten. Lan honetan gasteiztarren azken eskaladak ikus daitezke.

Hermanos Pou en Salta

[Iker eta Eneko Pou eskalatzaile gasteiztarrei elkarrizketa egiten Saltan. Eurekin batera, beltzez, Jabier Baraiazarra espediziokidea (argazkia SaltaEE)]

Chañi Chico munduko pareta bertikaleenetakoa da eta gasteiztarrek 1.000 metrotako desnibela duen bide berria ireki nahi dute bertan. Horretarako paretean bibakeatu egin beharko dute hainbat egunetan. Lekua oso urrutikoa da: Chañi Chico mendira heltzeko mandoan Inken bide zahar batetik lau egunetako bidea egin behar izan dute mandoekin Pou anaiek eta gertuen dagoen herria eskalatuko duten lekutik lau egunetara dago.

Bestalde, Sonia Casas bilbotarrak Fitz Roy mendira eginiko igoerari buruzko mintzaldia eskaini zuen Museoan. Soniak eskalada taldeak gidatzen ditu, eta esperientzia asko du Pirineotan, Himalaian eta Alpeetan. Hitzorduak entzule asko bildu zituen, tartean Gure Etxea-ko kide asko zeudelarik, Euskalkultura.com-i azaldu diotenez Emilio Gonzalezek eta Jorge Sarachok, elkarteko idazkari eta presidenteak, hurrenez hurren.

Informazio gehigo Gure Etxea-ren blogean: http://gureetxeasalta.blogspot.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia