euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Posadasko Euskal Jatorri EEak hitzarmena sinatu du Rotary Clubarekin euren egoitza erabili ahal izateko

2016/05/26

Urteko lehenengo janari salmenta erakundearen egoitza berria izango den Rotary Klubean egin zuen Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeak
Urteko lehenengo janari salmenta erakundearen egoitza berria izango den Rotary Klubean egin zuen Posadasko Euskal Jatorri Euskal Etxeak

PUBLIZITATEA

Egoitza propiorik ez duenez, akordio bat egin du Euskal Jatorri Euskal Etxeak Posadasko Rotary elkartearekin bere ekintzak klubeko instalazioetan egin ahal izateko. Euskal Etxeak hilero antolatuko ditu janari-salmentak Clubean, bildutako diruarekin egoitza egokitzeko. Lehenengo salmenta erabat arrakastatsua izan da: 150tik gora anoa saldu ziren.

Posadas, Argentina. Apirilaren 10ean egin zuten Euskal Jatorri Euskal Etxeko lagunek, hiriko Villa Urquizako Rotary Clubeko kideekin batera, urteko lehenengo janari salmenta. Menua 'arroza euskal erara' izan zen eta sukaldaria, etxeko lehendakariorde Rene Bergara. Maria Silvia Soloaga idazkariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “aktibitatea, janaria prestatzea eta saltzea, Clubean bertan egin genuen eta paregabeko erantzuna lortuta: 150 anoa saldurik”.

Soloagak zehazten digunez, bi erakundeentzat onuragarria izango den akordioa sinatu dute Euskal Etxeak eta Klubak. “Euskal Jatorri elkarteak Clubaren instalazioetan egingo ditu hileroko janari salmentak eta irabazitako diruarekin hobetuko du lokala. Behin egokituta, bertan garatuko ditugu gure ekintzetako batzuk, hala nola bilerak, topaketak eta dantza klaseak”. Dantza klaseei dagokienez, Maria Angeles Rosciani dantzariaren esku egongo dira eta txikiei zein helduei zuzenduko zaizkie.

Zine Zikloa

Rotary Clubetik aterata, arrakastatsua izan ohi den Zinema Zikloari eutsio diote  posadastarrek. Emanaldiak aurten ekainaren 10, 17 eta 24an izango dira, hiriko Liburutegian.

Ekintza solidarioa

2015eko irailean 10 urte bete zituen Posadasko Euskal Etxeak eta bere urteurreneko ekintzen programan aktibitate solidario bat egin zuen: kideen artean egindako diru bilaketa batekin telebista bat erosi zuen elkarteak Posadasko Ramon Madariaga Ospitaleri dohaintzan emateko. “Abenduan eraman genuen telebista baina Ospitaleko kontu administratiboen ondorioz, orain arte ezin izan dute instalatu. Duela egun batzuk argazki batzuk bidali dizkigute eta telebista dagoeneko bere lekuan dago, Umeen Onkologia Unitatean”, adierazi dio harro Soloagak EuskalKultura.com-i.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia