euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Porrotx eta Marimo Londresen: pailazoek Basque Society-ko haurrak liluratu zituzten (bideo eta argazkiak)

2012/05/10

Porrotxek lagun asko egin zituen Londresen, horien artean... erregina?
Porrotxek lagun asko egin zituen Londresen, horien artean... erregina?
Laughter Day edo Barreen Eguna egin zuen iragan apirilaren 28an London Basque Society elkarteak, eta, Euskal Herritik zuzenean, gonbidatu talde aparta heldu zen hirira, euskal etxeko haur eta nagusiei irribarra eragiteko prest. Txikientzako protagonista nagusiak Porrotx, Marimotots, Patakon eta kuadrila izan ziren; Euskal Herriko umeak zoratu egiten dituzte pailazo hauek eta Londresko umeak ere azkar asko liluratu zituzten. Nagusiek, aldiz, Rafa Rueda kantariaren kontzertuaz gozatu zuten. Euskal Etxeak argazki sorta zabala jarri du sarean; guk gutxi batzuk eta egonaldiaren bideo bat bildu ditugu geurera.

PUBLIZITATEA

Londres, Ingalaterra. London Basque Society elkarteak gonbidatuta Euskal Herriko pailarozik ezagunenak --Porrotx, Marimotots eta lagunak-- Londresen izan ziren iragan apirilaren 28an. Elkartearen egoitzan ikuskizuna eskaini aurretik hiria ezagutzeko aukera izan zuten, euskal etxeko Agur, Iñigo eta Sugaar txikia gidari zituztela. "Hiriko txoko guztiak erakutsi genizkien, ondoren elkartean izan ginen eta bertako historia kontatzeaz gain, ingeles klase batzuk ere eman genizkien", esan digu Iñigok.

Porrotx & Marimo Londresen 2012 (2)

[Londresko autobus gorri famatuetan ibili ziren Marimo eta Porrotx (argazkia LondonEE)]

Porrotx & Marimo Londresen 2012 (1)

[Pailazoak eta London Basque Society-ko lagunak London Eye izeneko noria ezagunaren aurrean (argazkia LondonEE)]

Larunbatean "Laughter Day" jaiak haur eta guraso euskaldun asko bildu zituen elkartera, tartean Cambridgetik eta Eskoziatik etorritako lagunak ere. Elkarteko kideek txalaparta jo eta aurreskua dantzatu zuten pailazoei ongi etorria emateko. Porrotx, Marimo, Patakon eta lagunak taulagainean eguneko izarrak izan ziren, eta haurrek pozez zoratzen eta algaraka jarraitu zuten ikuskizuna.

Porrotx & Marimo Londresen 2012 (3)

[Emanaldiaren ondoren elkarteko haurrekin jolasean ibili ziren pailazoak (argazkia LondonEE)]

Ondoren "Ispilua" antzezlana eskaini zuten Ion Martinez eta Saida Royo aktoreek eta eguna bukatzeko Rafa Rueda kantari mungiarrak kontzertua eman zuen.

"Pailazoek eta bere lagunek izugarri disfrutatu zuten Londresera bidaia eta penaz elkar agurtu ginen, agian hurrengo urterarte", bukatu du Iñigok.



Komentarioak

  • Jai polita...

    Bideoa ikusi eta egindako jaia gustatu zait... Zein giro polita! Bejondeizuela... eta eutsi horri!

    MariJoxe, 2012/05/10 21:27

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia