euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Pilpileando' ibilbide gastronomikoak bere lehenengo urratsa eman zuen joan den asteburuan Lapridan

2012/02/08

'Pilpileando Argentina' Laprida hirian (argazkia El Popular egunkaria)
'Pilpileando Argentina' Laprida hirian (argazkia El Popular egunkaria)
Itziar Agirre sukaldari eta Lapridako Lagunen Etxea euskal etxearen eskutik gauzatu zen pasa den larunbatean 'Pilpileando Argentina' proiektuaren lehendabiziko emanaldia. Euskal sukaldaritzaz gozatzeko baina, batez ere, miseria gorrian bizi direnei laguntza bideratzeko helburua duen Agirreren ibilbide gastronomikoa arrakasta handiarekin hasi zen Lapridako El Paraiso anfiteatroan, eta ekintza bukatuta, partaideek utzitako elikagai ez-galkor mordoa bildu zen. Datozen elkarretaratzeei dagokienez, martxoaren 16an Buenos Aireseko Laurak Bat euskal etxean eskainiko du Itziarrek 'Pilpileando'-ren beste saio bat eta hurrengo egunean, hau da, martxoaren 17an, La Plata hirian. Plater ederrak dastatu eta Chaco probintziako lagunen alde ekarpen handia egin nahi baduzu, hartu ezazu parte 'Pilpileando Argentina' proiektuan!

Laprida, Argentina. Lagunen Etxea-ko Sukaldaritza Azpibatzordeak gonbidaturik, 'Pilpileando Argentina' 2012ko ibilbidea inauguratu zuen Itziar Agirrek joan den otsailaren 4an Laprida herrian. 

Helburu solidarioa duen proiektuaren lehenengo geldialdian, ordu eta erdiko klase magistral bat eman zuen Rosarioko sukaldariak Lapridako El Paraiso anfiteatroan. Bertara hurbildu ziren lagun ugari Euskal Herriko errezeta tradizionalak egiten ikasi ahal izateko. 'Pilpileando'-ko emanaldi honetarako, eta Monica Azpiazu eta Alba Larralde euskal etxeko kide lagun, hiru plater hauek aukeratu zituen Agirre chef-ak: kokotxak pil-pilean eta baratxurizko flanarekin, arroz beltza txipiroi tintan eta intxaur-saltsa izozkiarekin. Janaria prest egon zenean eta aurkezpena bukatzean, Lagunen Etxea-ko arduradunek sukaldari euskaldunak prestatutako platerak zozkatu zituzten klasean parte hartu zutenen artean.

'Pilpileando Argentina' hainbat euskal etxetan egingo da aurten. Hurrengo emanaldia Buenos Aireseko Laurak Bat-en izango da, martxoaren 16an, eta martxoaren 17an, La Platan. Ibilbidearen hurrengo geldialdiak Maipu, Tandil, Rauch, Azul, Coronel Pringles, Arrecifes, Macachin, Corpus Christi, Saladillo, Cañuelas, Chacabuco eta Rosarioko euskal etxeetan izango dira. Gogora dezagun Itziar Agirrek bultatzen duen ekimen honen bidez lortzen diren baliabideak Chaco probintzian behar handietan bizi diren familia eta jendearen artean banatuko direla Patricia Sosa abeslari argentinarrak kudeatzen duen Pequeños Gestos fundazioaren bidez. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia