euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Australiako harrobia lantzen: Ibon Garate txapelduna pilotari gazteak trebatzen ari da Townsville hirian

2009/02/02

Ibon Garate, laugarrena ezkerretik, Joe Goikoetxea North Queensland-eko Euskal Etxeko lehendakariaren eta Josetxo Larrazabal Australiako Pilota Federazioko presidentearen artean, Townsvilleko Euskal Etxeko zenbait kiderekin (argazkia EPMB)
Ibon Garate, laugarrena ezkerretik, Joe Goikoetxea North Queensland-eko Euskal Etxeko lehendakariaren eta Josetxo Larrazabal Australiako Pilota Federazioko presidentearen artean, Townsvilleko Euskal Etxeko zenbait kiderekin (argazkia EPMB)
Australia ipar-ekialdean, Queensland-en, dagoen Townsville hiria herrialde honetako pilotazaleen topagune bihurtu da azken asteetan, bertan ari baita Ibon Garate getxoztarra euskal pilota ikastaroa ematen. Garate orain dela aste batzuk heldu zen, Euskal Pilotaren Mundu Batzarrak eta Australiako Euskal Pilota Federazioak gonbidatuta, gazte australiarrei pilotan erakusteko helburuarekin. Baliteke trebezia gehien erakusten duten hiru edo lau lagunek Euskal Herrian irailean egingo den mundu txapelketan parte hartzea.

PUBLIZITATEA

Townsville, Australia. Orain dela aste pare bat Ibon Garate pilotari bizkaitarra 'etxean bezala' dabil North Queensland-eko Townsville-eko Euskal Etxeko kideen artean. Australiara pilota ikastaro bat ematera etorria da Garate eta horrela kirol honekiko grina berpizteko itxaropena du. Ekimenaren sustatzaile nagusienetako bat Josetxo Larrazabal, Australiako Pilota Federazioko lehendakaria, izan da. Larrazabal oso pozik agertu da Garateren mailako jokalari bat Australian egotearekin.

Pelota en Townsville 2008 (01)Ikastaroak kirol hau ezagutzeko edo pilotan sakontzeko gogoa duten adin desberdinetako neska-mutilak biltzen ditu. Batzuk euskaldunen ondorengoak dira, beste batzuk ordea ez dute euskal jatorririk, esperientzia berria probatu nahi duten tenis zaleak kasu.  Lehen klaseak squash kantxatan eta paretetan egin dituzte, baina azken egunak Trebonne herriko euskal frontoian emango dituzte. Trebonnen dago Australian dagoen neurri bateko frontoi bakarra, 50.eko hamarkadan azukre kainaberaren industrian lan egiten zuten euskal emigranteek eraikia. [Ezkerreko irudian, Ibon Garate irakaslea (elastiko gorria eta galtza txuriak) ikasleei azalpenak ematen Townsvillen zuzentzen ari den pilota ikastaroan (argazkia ABC Grandstand: Zane Bojack)]

Pelota en Townsville 2009 (02)Ibon Garatek, gainera, irailean Euskal Herrian egingo den mundu txapelketan parte hartuko duten australiar ordezkariak aukeratzeko ardura ere badu. Lehenengo klaseetan estiloa ez da garrantzitsua izan, bakoitzak duen potentziala baizik. 'Oraingoz oso gaizki jokatzen dugu', azaldu dio barrezka Getxoko gazteak ABC North Qld egunkariari, 'baina hiru aste egongo naiz hemen eta erakutsiko diet'. [Eskubiko irudian, Daniel Amanpe, ikastaroko ikasleetako bat, pilotari emateko prest pala estiloko klasean (argazkia ABC Grandstand: Zane Bojack)]

Ikastaroan parte hartzen ari den ikasleetako bat John Larrazabal da, Josetxoren semea. Txikitan, etxean kirol hau itsuki maitatzen erakutsi zioten. 'Bai, egia da min ematen duela, baina hori da jokoaren sekretua. Denbora bat pasa ostean eskuetan babak egiten dira eta kolpeetara ohitu egiten zara', azaltzen du.

Pelota en Townsville 2009 (03)Ikastaroan esku pilota eta pala modalitateak irakasten ditu Garatek. Azken hau errazagoa omen da tenisetik datozen ikasleentzat. Horietako bat da Brooke Davies, eta esku pilotan ere saiatu da: 'Kirol gogorra da, eskuak erabat ubelduta ditudala uste dut. Tenisean pilota sarearen gainetik pasa arazi behar duzu, baina aurkariaren zelaitik atera gabe. Hemen, aldiz, pilotari ahalik eta indartsuen eta goruntza eman behar diozu, indarrarekin atera dadin'.

Bide luzea gelditzen da Australiako pilotariek Euskal Herriko eta Diasporako beste komunitateetako pilotarien mailan jokatzeko, baina ezbairik gabe Garatek zuzendu duen ikastaro honen ostean, saiatzeko gogoarekin geldituko da bat baino gehiago. [Ezkerreko irudian Valeria Antonucciok besoa eta gorputza luzatzen ditu pilotari emateko (argazkia ABC Grandstand: Zane Bojack)]

Irudi gehiago gure Argazki Galerian, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia