euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bakersfield-en hil den Pierro Arotzarena lagunaz oroit: 'Bakersfield Kalifornian adixkide bat galdu dugu'

2011/09/07

Pierro Arotzarena, 1929ko urtarrilaren 11ean Bidarrain (Nafarroa Beherea) sortua, 2011eko uztailaren 10ean zendua Kaliforniako Bakersfield-en
Pierro Arotzarena, 1929ko urtarrilaren 11ean Bidarrain (Nafarroa Beherea) sortua, 2011eko uztailaren 10ean zendua Kaliforniako Bakersfield-en
1929ko urtarrilaren 11ean sortua, azken urteetan bihotzeko min batekin borrokatu ondoren hila da Kaliforniako Bakersfield-en Pierrot Arotzarena bidarraitarra, 18 urtetan Ameriketara etorria eta geroztik hemen bizi izan dena. Artzain eta ardinagusi ibilia --eta baratzegile San Frantziskon bizi zelarik-- anitz lagun utzia du bere inguru guzian. Horren lekuko hilotza eraman zuten bere lagun onak, Fernando Iturriria, Alejandro Bernal, Jose Mari Mendiburu, Martin Etchamendy, Joe Echenique, Dominic Arrabit, Andre Sanzberro, eta Manez (Jean) Etchegoincelhay. Ohorez ere hala egin zuten Melchor Gragirena, Joaquin Azparren, Miguel Iturriria, Marcel Membrede, Jose Maritorena eta Daniel Jaureguy-k. Hona Martin Etchamendy ezterenzubiarrak bere oroiz idatzi lerroak, Herria astekariak argitara emanak.

Martin Etxamendi/Bakersfield, AEB. Bidarrai Etxexurienean sortua zen 1929an eta Ameriketarat etorria 1948an hemeretzi urte zituelarik. Kaliforniarat jin-eta zazpi urtez artzain egon zen Los Baños inguruan John Laxague-ren artalde zonbaitekin. Geroxago Euskal Herrirat itzuli zen, bere familiari agur baten egitera, han uda bat lagun artean goxoki iraganez. Han zagolarik, mugaren hegoalderat egin zuen itzuli batean ezagutu zuen Maritxu napartar andere gazte xarmant bat eta laster hartaz agradatu zen, zonbait denboraren buruan biak ezkondu ziren eta Kaliforniarat etorri arras deliberaturik, behar zituztela beren ardiak erosi.

Lehenik bertze hemengo adixkide batekin partxuergoan hasi zen, geroxago bere gain lotu. Funtsean, bi adixkideak bakotxa bere artaldearekin gelditu ziren. Arte hortan alaba bat sortu zitzaien Anita deitu zutena. Orai ezkondurik eta bere familiarekin dagoena. Geroztik Pierrok artzaingotik egina du bizia. Erraiten zuen lehenbizian nekez arizana zela, arras urte txarrak ere gertatu baitziren, negu eta primadera idorrak, bazka arras xuhur eta bildotsak arrunt merke eta holako ! Bainan lanean bera aski arizanez eta artaldeari untsa jarraikiz, aitzinera ateratu zen.

Gero haatik gauzak doi bat aldatu ziren, urte onak ere etorri. Geroztik Pierrok aitzinean ibili izan ditu artalde ederrak eta familia ohorezki altxatu, ardien laguntzarekin. Ez da harritzeko ardiak hoin maite baitzituen eta untsa artatzen. Berak erraiten zuen: “Nik ardiak arras maite ditut eta iduri dute badakitela !”. Pierrot loriatzen zen bere ardi ederrak bazka onetan ikusten zituelarik.

Lagun artean untsa ezagutua zen, bazuen ainitz adixkide, bera halakoa baitzen. Norbaitek laguntza zerbait galdegiten bazion, beti prest zen zerbaiten egitera, etzakien ezetz erraiten. Gure piknik edo edozoin bertze elgarretaratzetan gertatzen ginelarik, Pierrot lagun alegera zen, euskal kantu xahar ainitz bazazkien eta loriatzen zen kantariak ziren lekuan, berak ere xarmanteko botza baitzuen. Zinez badugu zonbait egun alegera iraganik elgarrekin !

Orai dela zonbait denbora hotan ez-untsa egonik, uztailaren 10ean begiak hetsi ditu, bera bizi izan den bezala kalme kalme joan da. Jainkoak sarista dezala bere onestasunarentzat. Ehorzketa ederra izan da euskaraz kantatu meza batekin lagundurik.

Xarmanteko jendaldea bildu da. Ainitz adixkide beren azken agur baten egiterat etorri zaizkio. Ainitzak urrunetik jinak ziren. Ez adiorik Pierrot ! Zurekin iragan denbora goxoetaz oroituko gira. Esker mila !

Gelditzen den familiak onar ditzala gure doluminak.

[ikus Pierro Arotzarenaren oroimenean]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia