euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Piarres Charritton euskaltzain eta euskaltzalea hil da, besteak beste Pariseko Euskal Etxearen sortzaile

2017/03/17

Piarres Xarriton 2003an, Pariseko Eskual Etxeko egoitza berriaren estreinatze ekitaldian (argazkia JE-EuskalKultura.com)
Piarres Xarriton 2003an, Pariseko Eskual Etxeko egoitza berriaren estreinatze ekitaldian (argazkia JE-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Euskaltzaindiak aditzera eman duenez, Piarres Charritton euskaltzain emeritu eta euskaltzale gotor eta emankorra zena hil da. Hazparnen duela 95 urte jaioa, bere ibilbide luzean bizitua zen Euskal Herritik kanpo eta, besteak beste Pariseko Eskual Etxeko sortaileetarik zen. 

Baiona, Lapurdi. Ibilbide arras luze eta emankorduna, Piarres Charritton euskaltzain emeritu eta euskaltzale gotor eta emankorra zena hil da Baionan. Euskaltzaindiko webguneak biltzen du bere bizitzaren berri, esanez, besteak beste, Hazparnen (Lapurdi) jaio zela, 1921eko urriaren 19an. Filosofian lizentziaduna. Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea. Erretiroa hartuta Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izatetik. Euskaltzain urgazle izendatua 1950eko urriaren 27an eta oso 1985eko uztailaren 19an. Euskaltzain emeritua da 2006ko uztailaren 20tik. Sarrera hitzaldia Piarres Lafitteren bizitza eta lanaz irakurri zuen Hazparnen 1986ko ekainaren 28an.

Oinarrizko ikasketak Hazparnen egin ondoren, teologia ikasketak Uztaritzen (1935), Baionan(1940), eta Erromako Gregoriar Unibertsitatean (1946) burutu zituen. 1947an apaiztu zen Hazparnen. 1953an Filosofiako lizentziari ekin zion Parisko Sorbona Unibertsitatean.

Teologian doktoregoa Tolosako Institutu Katolikoan eskuratu zuen 1973an, kultur eskubideen oinarri etikoaz egindako tesiarekin, René Coste-k zuzenduta. Euskal ikasketetan doktoregoa, aldiz, Bordele III Unibertsitatean eskuratu zuen 1983an, Pierre Broussain (1859-1920) euskaltzainaz egindako tesiarekin, Jean Haritxelharren zuzendaritzapean.

1942tik irakasle nahiz apaiz lanak egin zituen Biarritzen, Hazparnen, Maulen, Baionan eta Parisen. Eskualdun Estudianteen Egunak antolatu zituen 1946-1951 artean eta Eskualdun Gazteriako arduradun izan zen 1956tik. Halaber, Eusko Ikaskuntzaren Biarritzeko Biltzarrean (1948) parte hartu zuen eta Eskualtzaleen Biltzarreko kide da 1958tik.

Baionako Elizbarrutiaren babesean, Parisko Eskual Etxearen (1955) eta Hazparneko Lanbide Eskolaren (1959) sortzaileetarikoa izan zen. Lanbide Eskolako zuzendari izan zen 1965 arte, lankide zituela Jean Louis Davant edota Txillardegi. 1965ean zuzendaritza utzi egin behar izan zuen, arazo politikoengatik. Irakaskuntzaz den bezainbatean, testuliburu ugari itzuli edo egokitu ditu Ikas Euskal Pedagogia Zerbitzuarekin elkarlanean.

1967-1973 artean Baionako San Amandoko erretore izan zen eta Fededunak (1968) taldea sortu zuen Jean-Louis Davant, Jean Hiriart-Urruti eta hainbat lagunekin. Frantziskotarren Jakin taldearekin ere harremanetan zen ordurako. 1974ean Euskal Herria utzi eta hiru urtez egon zen Montrealen irakasle. Han zegoela, apaiz izateari utzi zion 1976an. Behin itzulita, Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle izendatu zuten 1984an eta Filosofia Fakultatean eman zituen eskolak, 1987an erretiroa hartu zuen arte.

Jean Haritxelhar euskaltzainarekin batera, Baionako Euskal Astea hiru urtez antolatu ondoren, 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetarikoa izan zen. Kanadatik itzulita, UZEIko lankide izan zen 1978tik eta hiztegigintzan aritu zen.

Julian Ajuriagerra psikiatra buru zela, orobat, Association pour la Création d'un Institut d'Etudes Basques (ACIEB) delakoaren sorreran esku hartu zuen Baionan, Piarres Lafitte, Jean Haritxelhar eta beste hainbatekin elkarlanean. Ondorioz, 1979an Euskal Ikasketen Institutua sortu zen.

Euskaltzaindian, 1977an Piarres Lafitteren idazkari izendatu zutenetik, Ipar Euskal Herriko ordezkari (1978- 2006) izan zen. Beste hainbat arlotan ere egin du lan: euskalduntze-alfabetatzea, onomastika, gramatika (EGLU bilduma, 1985-2011), hiztegigintza, Jagon saila, argitalpenak, literatura ikerketa, eta abar. Halaber, euskaltzain askoren idazlanak argitaratu ditu: Jean Etxepare, Piarres Larzabal, Jean Saint-Pierre eta René Lafon, besteak beste.

Pentsamenduaren hainbat idazle klasiko itzuli ditu euskarara: Thomas More, Benedictus de Spinoza, Francisco de Vitoria edota Martin Azpilkueta.

Politikaz den bezainbatean, Eusko Alkartasuna alderdiaren Ipar Euskal Herriko burua izan zen 1988-1997 artean. Halaber, Baionako Udalean zinegotzi izan zen 1993-1995 artean.

Piarres Lafitte irakaslearen eraginez, Aintzina aldizkarian bigarren aroan (1942) hasi zen euskaraz idazten eta gero Herria (1944) astekarian. Eskualdun Gazteriaren Gazte aldizkariaren zuzendari izan zen 1956-1960 artean.

Beste hainbat agerkaritan idatzi ditu artikulu asko, bereziki euskal kulturaren eta Elizaren historiaz: Jakin, Zabal, Enbata, Otoizlari, Elgar, Il Bimestre, Gure Almanaka, Zeruko Argia, Ekaina, Anaitasuna, Jaunaren Deia, Etchea, Comun, Maiatz, Euskaldunon Egunkaria, Gara, Berria, Mundaiz, Bulletin du Musée Basque, Oihenart, RIEV, Ele, Egan, Antzerti, Hegats, Euskalingua, eta abar.

Hainbat ohore eta sari jaso ditu: Frantziako Errepublikaren eta Erresuma Batuaren esker ona Bigarren Mundu Gerran soldaduak babesteagatik; Udako Euskal Unibertsitatearen sarrera hitzaldia (1979); Korrika 9an lekukoa eraman zuen (Baiona, 1995); Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearen ohorezko bazkide (1996); Jakin taldearen omenaldia (Donostia, 1996); Labayru Ikastegiaren omenaldia (Derio, 1998); Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria (1999); Joseba Jaka Fundazioaren beka (1999); Euskal Herriko Idazleen Biltzarraren saria (Sara, 2006); eta abar.

(Ibilbide luzez honez gain, beste hamaika datu, idatzitako obra, liburu, artikulu eta abarren berri dakar Euskaltzaindiaren webguneak Piarres Xarritoni buruz.  Doluminak bere familiari eta lagunei, bereziki Pariseko Eskual Etxeko lagunei. GB)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia