euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Perpetua Saragueta idazle aitzindari nafarraren lana osotasunean argitaratu du Euskarabideak

2011/06/22

Aurkezpean izan ziren Andres Iñigo, liburuaren egilea; Xabier Azanza, Euskarabidearen zuzendaria; eta Maite Urtasun, Perpetua Saraguetaren alaba (argazkia Euskaltzaindia)
Aurkezpean izan ziren Andres Iñigo, liburuaren egilea; Xabier Azanza, Euskarabidearen zuzendaria; eta Maite Urtasun, Perpetua Saraguetaren alaba (argazkia Euskaltzaindia)

PUBLIZITATEA

Aitzindaria izan zen Perpetua Saragueta mezkiriztarra (1905-1986): 1936ko gudaren aurretik Donostiako Argia eta Baionako Eskualduna aldizkarientzako kronikak idazten zituen euskaraz, Nafarroan gidatzeko baimena atera zuen bigarren emakumea izan omen zen eta garaiko emakumeei buruzko profilak idatzi zituen, euren lan ixil eta gogorra aintzat hartuz. Orain, Nafarroako Euskarabideak sustatzen duen Mendaur bildumak, Euskaltzaindiaren laguntzarekin, bere lanak osotasunean bildu ditu "Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia" liburuan.

Iruñea, Nafarroa. Perpetua Saragueta idazle mezkiriztarraren lana biltzen du Euskaltzaindiak eta Nafarroako Euskarabidea Institutuak argitara eman berri duten "Perpetua Saragueta: eskuidatziak eta hiztegia" liburuak. Andres Iñigok osaturiko lan honetan, Saraguetaren idatziak bi zatitan banatuta aurkituko ditu irakurleak: lehendabiziko atalean daude idazleak 'Oroimenak' izendatzen zituen idatziak, garaiko emakumeen profilak, eta bizitzan zehar idatzi zituen bertsoak; bigarren atalean, aldiz, bere eskuidatzietatik atera den hiztegi hautatua.

Lanak bi eranskin aipagarri ere baditu. Bata, gerla aitzineko garaian Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara igortzen zituen Mezkirizko eta Arizkungo dozena erdi bat kronika, prosan zein bertsoetan. Bestea, Jose Mari Satrustegik Perpetua Saraguetari 1977 eta 1979 urteetan egin zizkion hiru elkarrizketa, CD batera bilduta.

Emakume aitzindaria

Perpetua Saragueta Saragueta Erroibarko Mezkiritz herrian jaio zen 1905an. Iruritara ezkondu zen, Trinidad Urtasunekin, eta senarraren familiaren okindegian egin zuen lan. Inguruko herrietan ogia banatu ahal izateko gidabaimena atera behar izan zuen eta Nafarroan baimena eskuratu zuen bigarren emakumea izan zela esan zioten. 

Lau urtez soilik ibili zen eskolan, baina urte horietan irakurtzeko eta idazteko zaletasun handia sortu zitzaion. Zaletasun horrek eta euskararekiko sentitzen zuen maitasunak bultzatu zuten euskaraz idaztera. Nafarroan garai haietan hori egitera ausartu ziren emakume bakarretakoa izan zen.

Gerra ostean idazteari utzi

Bi epetan bereiz daitezke bere idatziak. Lehendabizikoan, gerra aurreko kazetari lana. Iruñeko El Pensamiento Navarro eta La Voz de Navarra egunkarietara hasi zen igortzen sorterriko berriak, bai eta Baionako Eskualduna eta Donostiako Argia aldizkarietara ere Mezkirizko eta Arizkungo kronikak, “Txorrondo” bere sortze auzoaren izena izengoiti erabiliz. 

Bigarren epea hirurogeita hamarreko hamarkadakan hasten da, gerra ostean idazteari utzi baitzion. Garai honetakoak dira idatzi gehienak, asko eta asko orain arte argitaratu gabeak. Gaiak anitzak dira: sorterriko deskribapenak, ohiturak, gertaerak, pasadizoak, familiako kontuak, fede eta erlijioaren ingurukoak, lan aferak, zailtasunak, nekeak, mixeriak, bizipenak, bizipozak, esperientzia pertsonalak, eta abar.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia