euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pehuajoko Euskal Etxeak webgunea estreinatu du, 'Argentinako gainerako EEekin kontaktuan egoteko'

2010/04/30

Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak kaleratzen duen buletina, formatu berrian
Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak kaleratzen duen buletina, formatu berrian

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintzia argentinarrean Pehuajoko euskaldunek sareratu berria dute Euskal Etxearen webgunea. Tresna honekin, erakutsi ahal izango dute nor diren, non dauden eta zer-nolako eragina duten euren komunitatean. Web orrian interes handiko informazioa aurki daiteke, tartean herriaren eta euskal etxearen historia, erakundeak antolatzen dituen ekintzak eta garai askotako argazkiak. Horretaz gain, euskal etxeak kaleratzen duen paperezko buletina, hemendik aurrera internet bidez ere eskuratu ahal izango du bere ordenadorean Pehuajoko berriak izan nahi dituenak. 'Teknologia berrien garaian ezin gara isolaturik bizi. Hori dela eta sortu dugu webgunea, Argentinako eta Ameriketako gainerako euskal etxeekin kontaktuan egoteko eta gure arbasoen herriarekin lotura estuagoa izateko', azaltzen dute Etxe Alai-ko arduradunek.

Pehuajo, Argentina. Informazio anitz eskaintzen du orain dela gutxi Etxe Alai Euskal Etxeko kideek sareratu duten web orriak. Herriaren eta euskal etxearen historiaren xehetasunak irakur daitezke webgune berrian, baita euskal etxeko ekintzei buruzko datuak ere.

Tresna honetaz baliatuz, Etxe Alai etxeko arduradunek jakinarazten diote euskal komunitateari euskara klaseak hasi direla euren etxean. Eskolak astearteetan ematen ditu Trenque Launquengo Alejandra Bengoechea irakasleak. Beste motatako ikastaroak ere badaude euskal etxearen egoitzan, besteak beste, yoga, tai-chi, tango eta ehungintza ikastaroak. Gainera, erakundeko liburutegia eta balio anitzeko aretoa nahi izanez gero, herritarren eskura dago.

Betiko buletina formatu berrian ere

Ezaguna da Etxe Alai euskal etxeak argitaratzen duen buletina. Baina orain arte, paperezkoa zen edizioa, eta baldintza horrek mugatzen zuen buletinaren heltzea. Aurrerantzean euskal etxeko kideek proposamen bat dute: buletina internet bidez hartzea. Ordenadorean bertan buletina jasotzeko, web orriko “suscribirse al boletín” botoian klikeatu behar da, eta datuak hor utzi. Aldi berean, buletinaren bertsio zaharrak ere web-ean daude.

'Teknologia berrien garaian murgilduta gaude eta ezin gara isolaturik bizi. Hori dela eta sortu dugu webgunea, Argentinako eta baita Ameriketako euskal etxeekin ere kontaktuan egoteko eta gure arbasoen herriarekin lotura estuagoa izateko. Euskal Herriko jendeari guztiona den kultura, hizkuntza, dantzak, ohiturak eta bizimodua nola zabaltzen ditugun kontatu nahi diogu. Eta oso harro gaude hori egin ahal izateaz', adierazi dute poz-pozik euren izena ohoratuz Etxe Alai-koek.

Lotura interesgarriak

Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxea
www.etxealai.com.ar

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia