euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pehuajoko Etxe Alaik Christian Larraburu omendu du ‘Bazkidearen Egunean’, Bakearen Eguna ospagai

2017/06/21

Etxe Alai Euskal Etxeak Christian Larraburu saritu du aurten
Etxe Alai Euskal Etxeak Christian Larraburu saritu du aurten

PUBLIZITATEA

Gernikako Bonbardaketaren 80. urteurreneko urtean ekintza berezi bat egingo dute Etxe Alai-ko lagunek Nazioarteko Bakearen Egunean, irailaren 21ean. Izan ere karia horretara, Pehuajoko ‘Y volverán a ser árboles’ izeneko literatur elkarteak gonbidaturik, Gernikako haritzaren kimu bat landatuko dute hiriko pasealeku batean. Gonbidapen horrekin poz-pozik, euskal etxe pehuajotarrak Bazkidearen Eguna ospatu zuen ekainaren 11ean, zazpigarrenez 2011tik.

Pehuajó, Argentina. 2011an Nilda Gorrik proposatuta lehenengoz egin zen ‘Bazkidearen Eguna’ ekimena oso arrakastatsua suertatu da geroztik euskal etxeko lagunen artean. Aurtengo edizio hau, zazpigarrena, oso jendetsua izan da, hirurogei bat lagun bilduta, giro ederrean afaria partekatuz. “Sorpresa handia hartu genuen hainbeste jende etorri zela ikusita: gure ohiko lagunak hor zeuden... baina jende berria ere bai. Eta gure ondoko herrietako jendeak, hala nola Carlos Casares eta Trenque Lauquengo euskal etxeetako zenbait ordezkari ere, lagun izan genituen”, jakinarazi digu EEko erreferente den Elida Orozek.

2017ko ‘Bazkidearen Eguna’ ekainaren 11an izan zen eta urtero bezala bazkide bat saritu zuten antolatzaileek. Orozek azalten du “aurtengo sariduna Christian Larraburu izan zela". "Christian Pehuajokoa da eta parte-hartze handia izan zuen garai batean Euskal Etxean. Gure lehenengo dantzarietakoa izan zen, euskara klaseetarko ikasle, eta Gaztemundu bekarekin Euskal Herrira bidaiatu zuen gure EEko ordezkari. Hemen beste gazte asko bezala, Christian beste nonbaitera joan zen bizitzera, baina ez dio hala ere inoiz utzi euskal etxera etortzeai. Are gehiago, duela urte batzuk Gorri ahizpekin batera Berastegi herri gipuzkoarra bisitatu zuen, bertako hilerrian ehortzia dagoen Jakakortajarenaren hilobian plaka oroigarri bat uzteko. Jakakortajarena apaiz berastegiarra, izan ere, Euskal Etxe honen sortzailea izan zen”, azaldu du Orozek.

Oroigarri gisa, Christian Larraburuk Etxeko kide batek eskuz egindako txapela jaso zuen, eta bildutakoen txalo beroak.

Datozen ekintzak

Etorkizun hurbil eta urrunerako helburuak dituzte pehuajotarrek eta guztiei egiten diete aurre gogo handiz. Uztailaren 27an Euskal Etxearen urtebetetzea da eta janari salmenta batekin ospatuko dute. Ekintza uztailaren 30ean egingo da (data baieztatzeke), igandez, eta menua, Argentinako lokro tipikoa izango da.

Irailaren 21ean, berriz, Bakearen Nazioarteko Eguna ospatzen da urtero, eta Euskal Etxeak bat egingo du Gernikako Bonbardaketa gogoratuz eta Bakearen aldeko mezu bat adieraziz; horretarako Bizkaiko herriko arbolaren kimu bat landaturik. “Ekitaldia herriko ‘Y volverán a ser árboles’ izeneko elkarteak antolatuko du eta dagoeneko gonbidatu gaituzte. Egun horretarako beste helburu bat ere burutuko dugu: Bonbardaketaren 80. Urteurrenean, Picassoren Guernica koadroaren erreprodukzio bat, mural bat, inauguratuko dugu gure egoitzan”.

Ekintza berezi hauetaz aparte, ohiko tailerrek ere jarraitzen dute Etxe Alai-n, tartean Alejandra Bengocheak ematen duen euskara tailerrak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia