euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pehuajoko Euskal Etxeak afari batez eta euskal jantzi erakusketarekin ospatu zuen Aberri Eguna

2011/05/09

"Gure arropa" erakusketa Pehuajon egon da ikusgai maiatzaren 1 eta 2an
"Gure arropa" erakusketa Pehuajon egon da ikusgai maiatzaren 1 eta 2an
'Mugimendua mugituz erakusten da' premisarekin hainbat ekimen jarri ditu abian Buenos Aires probintziako Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxeak azken aste hauetan. Alde batetik eta Aberri Eguna gogoratzeko, afari bat eta erakusketa antolatu zituzten Etxe Alai-ko kideek. Beste alde batetik, ekainean burutuko den “Euskal Etxeko kidearen eguna” delako ospakizunaren antolakuntzan daude murgilduta jadanik Pehuajoko euskaldunak. Oraingoan, euskal etxeak berak sortutako argitalpena plazaratuko da.

PUBLIZITATEA

Pehuajo, Argentina. Herriko beste erakunde batzuetako ordezkariak eta Carlos Casareseko euskal etxeko zenbait kide partaide gauzatu da joan den apirilaren 30ean Pehuajoko Etxe Alai Euskal Etxean Aberri Eguneko afaria. Gauean barrena luzatu zen topaketan, zozketa batzuk ere egin zituzten euskal erakundeko arduradunek. Ehungailu klaseetako ikasleek egindako xala eta bi pertsonentzako afari bat izan ziren sari nagusiak.

Aberri Eguneko ekitaldiekin jarraitzeko, euskal jantzi erakusketa inauguratu zen biharamunean, hau da, maiatzaren 1ean. Pellegrini herrian ikusgai egon ondoren, Magdalena Mignaburuk sortutako XVIII-XX. mendeetako arropa-bildumak arrakasta handia izan zuen Pehuajon eta ondo asko bete zuen ekintzaren helburua: euskal kultura eta nortasuna zabaltzea. Udaleko agintariak ez ezik, herriko eskoletako ikasleak ere bertaratu ziren euskal etxeko egoitzara “Gure Arropa” izena duen erakustaldia ikustera.

"Gure Arropa" erakusketa Pehuajon 2011 01

[Herriko eskola batzuetako ikasleek bisitatu dute erakusketa. Argazkian Eskola Bereziko neska eta mutilak]

Etorkizunari begira

'Mugimendua mugituz erakusten da'. Hau da Pehuajo-ko euskaldunak gidatzen dituen leloa. Hori dela eta, datorren hilean burutuko den “Euskal Etxeko kidearen” eguna antolatzen ari dira dagoeneko Etxe Alai-ko kideak. Erakundeko kideen omenez, bazkari bat egingo da eta egun berean euskal etxearen argitalpena plazaratuko da.

 “Hilda Gorriren zuzendaritzapean eta Euskal Herri nahiz gure euskal etxeari buruzko hainbat gai garatuko dituen aldizkarian edonork har dezake parte”, azaldu digute Etxe Alai-tik. “Ondo dakigu denon artean eta egunero egiten den lanak sendotuko dituela Argentinako euskal etxeak. Horregatik, erakunde guztiak gonbidatu nahi ditugu ospakizunera gehitzera”, adierazi diote EuskalKultura.com-i Pehuajo-ko euskal etxeko arduradunek.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia