euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pedro Oiarzabal adituak ahozko historia lantegi bat emango du Renoko Center for Basque Studies-en

2012/07/30

Pedro J. Oiarzabal historialaria
Pedro J. Oiarzabal historialaria
Datorren abuztuaren 10ean Nevadako Unibertsitateak ahozko historia lantegi bat eskainiko du Renon. Pedro J. Oiarzabal historialaria izango da lantegiaren gidaria eta bertan Ameriketako euskaldunen historia ikertzeko eta jasotzeko metodologia azalduko dute, nola taxuz ekin ahozko historia biltzeari. Oiarzabal bilbotarra emigrazioan aditua da eta asteotan AEBetako Mendebaldean da gai honi buruzko ikerketa egiten. Egun bateko ikastaro honen antolatzaile dira NABO (North American Basque Organizations), Renoko Center for Basque Studies eta Deustuko Unibertsitatea.

Reno, AEB. Datorren abuztuaren 10ean Nevada-Renoko Unibertsitateko Center for Basque Studies-ek ahozko historia lantegi bat eskainiko du. Ikastaroa NABOren "Gurea" programaren laguntzarekin antolatu da. Lantegian parte hartzen dutenek aurrez aurreko elkarrizketen bidez komunitate baten ahozko historia jasotzeko metodologia ikasiko dute.

Lantegiak egun bateko iraupena izango du eta lau ataletan banatuko da (bakoitzak ordu eta erdiko iraupena izango du).

Lehenengoak ahozko historiaren kontzeptua aztertuko du, bigarrenean elkarrizketak egiteko erak azalduko dira, hirugarrenean elkarrizketa hauek egitean beharrezkoa den etikari buruz jardungo dute partehartzaileek eta laugarrenean elkarrizketetan jasotako materiala nola erabili eta materiala nola bideratu erakutsiko da.

Ez da ahaztu behar ahozko historia esaten dena historia biltzeko eta pasatzeko metodorik zaharrena dela, oinarrizkoa, eta honelako lantegi edo tailer bat ematea ere oinarriuzko izan daitekeela bere historia bildu, gorde eta iraunarazi nahi duen edozein euskal etxe edo erkidegorentzat. Elkarrizketatuak gehienetan adineko jendeak izan ohi dira eta askotan eurak hiltzen direnean zekizkiten datu eta informazioak ere eurekin doaz, askotan betirako, arras inportantea delarik edozein komunitaterentzat, tartean euskal etxea eta erkidegoentzat, dakiten informazioa biltzea euren zaharrei. Errespetua eta estimazioa ere adierazten du, eta haiekiko eta komunitatearekiko zortzat ere uler daiteke.

-Lantegiari buruzko informazio gehiago eskuratzeko edota zeure komunitatean antzekorik planteatzeko, idatzi Pedro Oiarzabali, hona, edo jo NABOren webgunera



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia