euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Patxi Perez dantzaria Argentinan izango da ikastaroak ematen urtarrilean, zure elkartera ekarri nahi al duzu?

2014/11/07

Erdian, Patxi Perez dantzaria mintzapraktika eta dantza uztartzen lantegi batean (argazkia Topagunea Hedabideak/ CC BY-NC-SA 2.0)
Erdian, Patxi Perez dantzaria mintzapraktika eta dantza uztartzen lantegi batean (argazkia Topagunea Hedabideak/ CC BY-NC-SA 2.0)

PUBLIZITATEA

Datorren urtarrilaren 16tik otsailaren 17a bitartean Patxi Perez dantzari eta txistularia Argentinan izango da eta euskal etxeetan dantza ikastaroak emateko prest agertu da. Perez herri dantza arloko animazioan eskarmentu handiko dantzaria da, Patxi eta Konpainia taldearekin "mutxiko" ikastaroa ugari eman baititu. "Lagun batek Patagoniara gonbidatu gaitu emaztea eta biok eta txirula hartuta Argentinan zehar dantza ikastaroak emateko aukera ikusi dugu. Dantza taldeekin, euskal etxean, euskaltegietan ere euskara eta dantza uztartuz, haurrekin... gauza politak egiteko aukera asko ikusten ditugu". Ikastaro horietako bat zure euskal etxera ekarri nahi duzu? Jarraian azalduko dizugu nola.

Baiona, Lapurdi. Argentinako euskal etxeek dantza arloan ikasi eta gozatzeko aukera bikaina izango dute urtarrilean eta otsailean, bertan bisitari izango den Patxi Perez dantzariaren eskutik. Dantza eta animazioa dira Perezen arloak eta Euskal Herriko herrietako plazarik plaza ibilia da "mutxikoak" edo herri dantza lantegiak ematen Patxi eta Konpainia taldearekin. Dantza mota hau esperientziarik gabeko dantzarientzako egokia da ere, eta bertan Patxik pausoz pauso gidatzen ditu dantzariak. Fandango, jauziak, mazurkak... apurka apurka dantzak ikasi eta gozatu egiten dituzte bertara bildutakoek.

"Txirula hartu eta Argentinan barrena ibiliko gara emaztea eta biok. Necocheako San Sebastian eguneko festan izango gara eta Patagonian amaituko dugu", agertu dio Patxik EuskalKultura.com-i. Dantza taldeentzat, dantzarik jakin ez baina pixkat ikasi nahi duten bazkideentzat, haurrentzat, euskara ikasleentzat... lantegiak emateko eskaini da dantzaria.

Dantza eta euskara

Euskara eta dantza uztartzeko aukera paregabea izango da, izan ere Patxik gaztelaniaz gutxi egiten du. "Dena euskaraz egin beharko!". Ederra litzateke Argentinan euskaraz elkar ulertzea, baina edonola ere Patxik dantzaren bitartez komunikatzea ere erraza izango dela uste du. "Dantzarekin gauzak ondo ulertzen dira. Zangoekin eta melodiarekin ederki elkar ulertzen da!":

Zure euskal etxeak ikastaro bat antolatu nahi duzu? Bada aukera bikaina duzu egunotan, La Platako Euskal Argentinar Astearen baitan. Han dabiltza egunotan Aitor Alava dantzaria eta Eusko Diaspora erakundeko Maialen Zanponi, ikastaroetarako eskabideak jasotzen. Hala ere, La Platara joan gabe gelditu direnek, zuzenean Patxi Perezi idazteko aukera dute (patxi.konpania@wanadoo.fr) edo Aitor Alavari idatziz (alava.aitor@gmail.com).

patxi eta konpania baiona from Patxi eta Konpania on Myspace.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia