euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Baztarrika Kultura sailburuordea hizkuntza aniztasun eta globalizazio mintegi batean partaide New Yorken

2008/12/16

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea
Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea New Yorken izango da bihar eta etzi Nazio Batuen egoitzan egingo den “Language Matters! – Linguistic Diversity, Globalization and Development” (Hizkuntzek axola dute! Hizkuntza Aniztasuna, Globalizazioa eta Garapena) mintegian parte hartzeko. UNESCOk izendatu Hizkuntzen Nazioarteko Urtea dela eta --2009ko otsailaren 21ean amaituko da--, mundu osoko hizkuntza adituek parte hartuko dute mintegian, besteak beste honako gaiak aztertuz: 'hizkuntza aniztasuna: aukera eta garapena'; 'gobernu eta erakundeen hizkuntza ekimenen funtzionamendua', eta 'arrakasta izan duten hizkuntza politikak eta praktikak'.

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Kultura Sailak prentsa agiri baten bidez jakin arazi duenez, Patxi Baztarrikak “oso positibotzat” jo du euskarak eta euskal gobernuak mintegi honetan “parte hartzea” eta oroitarazi du aurten Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako gobernuarekin eta Galiziakoarekin batera hizkuntza aniztasuna sustatzeko eta errespetatzeko zenbait jarduera elkarrekin egin dituela 2008an gaindi, 2007ko martxoan hiru gobernuak sinatu lankidetza-hitzarmenaren argitan, tartean, esaterako, erakustoki bateratuak Pariseko Expolangues azokan edo Berlingo Expolinguan.

Aipatu hitzarmenari Balear Uharteetako Gobernua atxiki zaio geroztik. Testuan, aipatu lau gobernuek adierazten dute Espainiako estatuan ia biztanleen erdia (zehazki % 40) gaztelania ez den beste hizkuntza ofizial berezkoa duten erkidegoetan bizi dela. Espainia estatu eleanitza da; hortaz, eleaniztasun hori aitortu eta hizkuntza horien erabilera errespetatu eta sustatu behar duela azpimarratzen dute.

Lanean Espainiak 'beste' hizkuntzak praktikan ere 'bere' egin ditzan

Akordio honen argitan, Estatuaren Administrazioan eta Europar Batasunean ofizialak diren hizkuntzak babesteko eta erabiltzeko neurriak sustatzeko garaian, sinatzaileek, bidera daitezkeen neurri normatibo, exekutibo eta aurrekontuzkoak bultzatuko dituzte Espainiako Estatuan eta Europar Batasunean.

Halaber, Estatuak bere erakundeetan gaztelania ez diren beste hizkuntza ofizialen erabilera ahalbidetzeko neurriak har ditzan bultzatuko dute, bereziki hauetan: Kongresuan, Senatuan, Justizia Administrazioan, sozietate estataletan, zerbitzu-enpresa publikoetan (Correos eta RENFE, adibidez) eta titulartasun publikoa duten Estatuaren eremuko hedabideetan.

Hezkuntza alorrean ere, Eusko Jaurlaritzak, Kataluniako Generalitatek, Galiziako Xuntak eta Balear Uharteetako Gobernuak elkarlanean dihardute Espainiako Estatuak gaztelania ez beste hizkuntza ofizialak ulertzea eta haiekiko tolerantzia bultzatu, eta hizkuntza horiek adierazi ohi dituzten historia eta kulturaren irakaskuntza ziurtatzeko neurriak har ditzan, izan ere konpromiso hori hartu baitzuen Espainiako Estatuak Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berretsi zuenean.

Lotura interesgarriak

UNESCO -2008, Hizkuntzen Nazioarteko Urtea
Zuzendari Orokorraren mezua karia hortarat (pdf)

Euskara - Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren webgunea
www.kultura.ejgv.euskadi.net/r46-17893/eu



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia