euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Patagoniarantz’ programaren I. barnetegia egin da San Antonio Esten, Viedma eta Patagonesko EEa antolatzaile

2017/11/14

Patagoniarantz programaren baitan egindako barnetegiaren irudiak
Patagoniarantz programaren baitan egindako barnetegiaren irudiak

'Patagoniarantz' programaren helburua euskal kultura eta batez ere euskara indartzea da Patagonia aldeko euskal etxe eta komunitateetan, Euskal Herritik etortzen diren lagunen eskutik. Programaren baitan antolatutako lehenengo ekintza euskaran murgiltzeko ‘barnetegi’ moduko asteburu-pasa izan da. Ekitaldia San Antonio Esteko portuan egin da, Xabier Lasa tolosarra eta Rocio Basterra viedmatarra irakasle.

PUBLIZITATEA

San Antonio Este, Argentina. Hamar bat ikasle bildu ziren urriko azken asteburuan Rio Negro probintziako kostaldean, San Antonio Esteko portuan hain zuzen, Patagoniarantz programaren barruan antolatutako lehenengo barnetegian parte hartzeko.

Ikasle eta irakasleek bi etxoletan hartu zuten ostatua, hondartzan, itsasoari begira. Xabier Lasa eta Rocio Basterra koordinatzaileek mota askotako ekintzekin osatutako egitaraua proposatu zieten: jolasak, mintza saioak, ariketak eta bertso tailer bat. Ikasitakoekin antzezlan bat ere aurkeztu zuten ikasleek. Eta barnetegi moduko aktibitateetan gertatzen den bezala, otorduak eta atsedenaldiak ere euskaraz izan ziren.

Rocio Basterrak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “ederto pasa genuen; giro ederra, barre asko egin genituen. Larunbatean Patagonia Nortekoek afaltzera gonbidatu gintuzten El Puerto izeneko jatetxera eta han euskal kantak eta dantzak konpartitu genituen bertan zeudenekin. Aukera ona izan zen euskal kultura erakutsi ahal izateko”, adierazi digu irakasleak.

Barnetegiaren azken ekintza altxorraren bilaketa izan zen. Bizkor bilatu eta jarraitu zituzten ikasleek pistak altxorra aurkitu arte. Saria ere berezia zen, Sandro Linares ikasleak oparitutako Joseba Sarrionandiaren ‘Ni ez naiz hemengoa’ liburua.

Hitzaldia

Viedmako Aberri Etxera egindako bisitaren baitan, hitzaldi bat eskaini zion Xabier Lasa irakasleak bertako euskal komunitateari. Hitzaldian gai ugari jorratu zituen irakasle euskaldunak, tartean, Euskal Herria, euskal kultura eta euskararen irakaskuntza.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia