euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Partaidetza handiz eta euskal etxe askotakoz, arrakastatsu egin da Macachinen bertako lehenengo "Euskal Asteburua"

2016/10/10

Macachingo Euzko Alkartasunak antolatutako lehenengo Euskal Asteburua irailaren 30etik urriaren 2ra izan zen
Macachingo Euzko Alkartasunak antolatutako lehenengo Euskal Asteburua irailaren 30etik urriaren 2ra izan zen

PUBLIZITATEA

400 pertsonatik gora bildu zituen igandeko bazkarira. Programa oparo baino oparoagoa eskaini zieten Euzko Alkartasuna Euskal Etxeko kideek Macachinera bertaratu ziren lagunei. Bi egunetan zehar, Mus Txapelketa, herri kirolak, dantzak eta omenaldiak burutu ziren Euzko Alkartasunaren I. Euskal Asteburuan. Jaia erabat arrakastatsua izan zen eta antolatzaileek ez dute baztertzen uertero antolatu eta Argentinako euskal diasporaren egutegian ezartzeko ideia.

Macachin, Argentina. Irailaren 30etik urriaren 2ra egin zuen Euzko Alkartasuna Euskal Etxeak bere lehenengo "Euskal Asteburua". Elkarretaratzea ostiraleko afariarekin hasi zen baina ekintzen programari larunbat arratsaldean ekin zioten gehienbat macachindarrek, Trenque Lauquen, San Nicolas, Cañuelas, Rosario, Laprida, La Plata, Mar del Plata, Necochea, Gral. Acha, Santa Rosa eta Junin hirietako euskal etxeetako ordezkariak lagun.

Asteburuan egin zen aktibitate arrakastatsuenetako bat ‘San Miguel de Aralar’ Mus Txapelketa izan zen. Lehiaketak 28 bikote bildu zituen eta irabazleak Etxeko Orlando Alomar eta Joaquin Flecha izan ziren.

Ekitaldiaren baitan, Euzko Alkartasuna-ko ‘Jose Leon Chapartegui’ pilotalekuaren 40. urtemuga ospatu zen. Urteurren zeremonian, berrogei urte hauetan frontoian jokatu duten edade guztietako hainbat pilotariren irudiak jarri zituzten etxekoek pilota lekuaren sarreran. Plaka oroigarriak ere desestali zituzten. Omenaldia bukatuta, pilota paleta, esku pilota eta xare modalitateen erakusketa eskaini ziren, Macachingo eta La Platako pilotarien eskutik. Larunbateko programa erromeria batekin bukatu zen.

Igandean, Herri Kirolen erakusketa eta lehiaketa egin ziren Euskal Etxearen aurrean. Hasteko, Diego Comezaña eta Pablo Arce Etxeko harrijasotzaileak ehun kiloko harriak altxatu zituzten. Horren ostean hainbat gonbidatuk euren indarra neurtu zuten Txinga Lasterketan.

Elkarretaratzea bukatzeko, herri bazkaria eskaini zuten anfitrioiek igandean. 400 lagunetik gora bildu ziren Euskal Etxeko instalazioetan, erreki eder batez eta euskal dantzez gozatzera. Macachingo dantza taldeekin batera, Lapridako Lagunen Etxea-koak ere publikoa liluratu zuen bere abilezia eta jantziekin. Euzko Alkartasuna-tik adierazi digutenez, “oso arrakastatsua izan zen ekitaldia eta oso pozik gaude. Jende askok lagundu digu, herritarrek eta baita beste hainbat euskal etxetako ordezkariek ere. Asmoa da urtero errepikatzea, irailaren amaieran edo urriaren hasiera, eta ‘Macachingo Euskal Asteburua’ izenarekin euskal argentinar diasporaren egutegian ezartzea”.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia