euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Pariseko Euskal Etxea 60. urteurrena ari da ospatzen; gaur, Benito Lertxundi kantariak kontzertua emango du

2016/02/05

Benito Lertxundi kantari oriotarrak kontzertua emango du gaur Le Trainon aretoan
Benito Lertxundi kantari oriotarrak kontzertua emango du gaur Le Trainon aretoan

PUBLIZITATEA

Pariseko Euskal Etxea bere 60. urtebetzea ari da ospatzen aurten, eta makina bat jarduera prestatu ditu horretarako. Iragan asteburuan hasi ziren ospakizunak, eta gaur, esaterako, Benito Lertxundi kantari ezagunak kontzertua emango du Parisen, euskal etxeak gonbidatuta. Bihar Sagardotegi Gaua egingo da eta etzi, igandean, elkarteko konpartsa Pariseko kaleetara aterako da Inauteriak ospatzera.

Paris, Frantzia. Pariseko Euskal Etxeak asteburu zinez berezia hasiko du gaur, bere 60. urteurrenaren ospakizunetan murgildurik. Hasteko, gaur arratsaldean Euskal Kultur Erakundeko zuzendari Pantxoa Etchegoin euskal etxean izango da, euskal kantuei buruzko hitzaldi bat ematen. Ondoren, elkartearen Euskal Gaualdiaren barruan, Benito Lertxundi kantari oriotarrak kontzertua emango du Le Trianon aretoan. Lertxundi Euskal Herriko kantaririk ezagunenetakoa da eta bere etorrerak zale asko bilduko ditu. 

Bihar, larunbatean, Sustraiak-Erroak taldeak antolaturik, Euskara Ikastaldia egingo da Eskual Etxean eta gau partean Sagardotegi Gaua egingo da, ikasten ibili direnek eta beste guztiek indarrak biltzeko . Menua tentagarrian, bakailao omeleta, txuleta eta gasna, Astigarragako Zapiain sagardo gipuzkoarra lagun.

Asteburu biribilarekin jarraituz, igandean, euskal etxeko kide eta lagunek Pariseko Inauterietan hartuko dute parte, elkarteko konpartsarekin. Eguna amaitzeko, bazkalondoan "Aita eta ama maiteak..." ikuskizuna eskainiko dute Eskual Etxean Mixel Etxekoparrek, Christian Irigoyenek eta Cécil Tison-ek, Argentinara emigrante joan ziren euskaldunen gutunak ardatz harturik.

Dantzaldia Patxi eta Konpainiarekin

60. urteurreneko ospakizunak iragan asteburuan hasi ziren, Euskal Etxean egin zen festa alai batekin. Mezarekin hasi zen ekitaldia, eta ondoren Pinpirinak txikien dantza taldeak erakustaldia eskaini zuen. Anaiki koruak ere kantaldia eskaini zuen eta, ondoren, 130 lagunentzako bazkaria egin zen, Xavier Mougica sukaldariak prestatuta. Eguna bikain amaitzeko, Patxi eta Konpania taldearekin erromeria egin zen eta, ohi bezala, Patxi Perez dantza irakasleak bertara bildu ziren lagunak dantzan jarri zituen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia