euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paraguaik bertako euskal ekarria ospatzen du, bere II. Euskal Astea eta euskal etxe berri bat iragarriz

2012/07/31

Asunciongo Euskal Etxetik bertaratutako ordezkariak Misiones eta San Juango agintari eta ordezkariekin Sasiainen omenaldian (argazkia Rafael Marcial Montiel-Agroclasi.com)
Asunciongo Euskal Etxetik bertaratutako ordezkariak Misiones eta San Juango agintari eta ordezkariekin Sasiainen omenaldian (argazkia Rafael Marcial Montiel-Agroclasi.com)
Euskal ikutua daukaten albiste paraguaitarrak ugaldu egin dira azken asteotan. Hilabete hasieran, Misiones departamentuko San Juan Bautista hirian Sebastian Sasiain Zubillaga euskaldunari egindako omenaldia nabarmentzen genuen, gatzagar hau eta bere emazte Brigida Zubia Erostarbek egun bertako sukaldaritza herrikoiaren 'Batiburrillo' izeneko izarra den jatekoa eta edateko gauza bera den 'siriki' delakoaren sortzailetzat hartuak baitira. Mereximendu horiek kari, omenaldia antolatu zitzaien azkeneko San Juan jaietan (San Juan Bautistako jaiak dira), azkenean, ohoratzea, Paraguai bizitzen ari zen egoera delikatuarengatik, uztailaren 7an egin bazen ere. Omenaldi horrekin batera, ordea, bertan euskal etxe berri baten sorrera iragarri zen, Uruguaiko bigarrena, eta baita Euskal Aste bat, bigarrena hau ere, Asuncionen, urriaren 22tik aurrera, Eusko Jaurlaritzaren Mercosurrerako Ordezkaritza tarteko, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena eta Estatutuaren Eguna ospakizunetara bilduz.

PUBLIZITATEA

Asuncion, Paraguai. Misiones departamentuko hiriburu den San Juan Bautista herrira gonbidatuta gerturatu ziren Asunciongo Jasone Euskal Etxeko ordezkaritzaburu Hector Izaguirre euskal etxeko lehendakaria eta Arturo Sasiain lehendakariordea; izan ere omenaldia 1926an Euskal Herritik bertara Brigida Zubia Erostarbe emaztearekin eta seme-alabekin bertaratu zen Sebastian Sasiain Zubillagari egin zitzaion, Sasiain-Zubia senar-emazteak berehala egokitu baitziren eurena egin zuten lur eta nazio berrira eta bertara ixuri zituzten Europatik zekartzaten molde eta ohiturak, eta ohitura eta molde horietako bat izan omen zen 'Batiburrillo' delako plater edo prestaketari bide eman ziona, San Juan Bautista eta Misionesko plater tipikoena, adierazgarriena eta esanguratsuena bilakatu arte. Omenaldia, beraz, herriko jaien erdian, San Juan asteburuan behar zitzaion egin Sasiain gatzagarrari, baina data horietan Paraguai kolpatu zuten gertakatiak kari, uztailaren 7ra aldatu zen, data berrian arrakastaz gauzaturik.

Omenaldia eta 'batiburrillo' delakoaren inguruko ekitaldia xehetasunez iragarri zituen orduan EuskalKultura.com-ek (ikus artikulua hemen). Ekitaldiak berak hartara Asunciongo euskal etxetik joandakoek gaia landu eta iragarri ahal izan zuten San Juan Bautista eta Misionesen dauden euskaldun eta euskaldunen ondokoek interesa daukatela euren erroei eta jatorrizko kultura eta nortasunei eusteko eta Paraguaiko bigarren euskal etxea izango dena sortu nahi dutela bertan.

Baina Paraguaik egunotan eman dituen euskal berri onak ez dira hor agortzen, iaz Asuncionen egin zen lehenengo Euskal Astearen ondotik prest agertu baitira hiriburuko Jasone Euskal Etxea eta Eusko Jaurlaritzaren Mercosurrerako Ordezkaritza aurtengo urrian bigarren Euskal Aste bat antolatzeko. Erabakia Elvira Kortajarena Ordezkariak eta Euskal Etxeko Hector Izaguirre lehendakariak adostu dute bi erakundeon izenean, Kortajarena bultzatzen ari den internet bidezko bilera birtual baten ondoren. Euskal Astea urriaren 22tik 25era luzatuko da eta besteak beste Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemugaren inguruko erakusketa eta Estatutuaren Egunaren ospakizuna baitaratuko ditu, Jaurlaritzaren aldetik adierazi dutenez.

Paraguaiko II. Euskal Astea urriaren 22-25ean

Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena dela-eta Paraguaira iritsiko den erakusketa urriaren 22an zabalduko da, izan ere Asunciongo Juan de Salazar Kultura Aretoan. Orduan ere emanaldia eskainiko du Joseba Gotzon kantariak eta Euskadiko turismoari buruzko erakustaldi bat antolatuko da sail horretako profesionalentzat, hori guztiarekin batera Gernikako Estutuaren Egunaren edizio berri bat egingo delarik, baieztatu dute Elvira Kortajarenaren bulegotik.

Baina horrekin batera ekitaldia egingo da baita ere San Juan Bautistan aipatu bertako euskal etxearen sorrera ospatuz. Ekitaldiok Elvira Kortajarenaren presentzia izango dute, Asunciongo euskal etxeko buruzagi eta bazkideen eta bertako agintari eta gizarte ordezkarien partaidetzarekin bat eginez, baitetsi dute Mercosurrerako Euskadiren Ordezkaritzatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia