euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Paperezko Ametsak’ alkartasun proiektuaren lehenengo bidalketak liburuak igorriko ditu Oiartzundik Argentinako Humahuaca-ra

2017/02/06

'Paperezko Ametsak' Oiartzun sortutako proiektu bat da
'Paperezko Ametsak' Oiartzun sortutako proiektu bat da

Programa errefuxiatu zelai saharatarretara eta Argentinako euskal etxeren batera ere iritsiko da. Humahuacako eskolaren kasuan, Necocheako 'Hator Hona'ren bidez ezagutu zuten beharra. Izan ere, ‘Paperezko Ametsak’ elkartearen helburua liburuak biltzea da, eta beharra dagoen lekuetara bidaltzea. Lehenengo bidalketak datozen asteetan egingo dira, eta bidalketen atzean Gipuzkoako Oiartzungo eskola-umeak daude, alkartasuna lantzeko euren ekimenak bultzatuta.

PUBLIZITATEA

Oiartzun, Gipuzkoa. Aurrerapen teknologikoen mundu digitalizatu honetan kulturak eta hezkuntzak betiko irakurketaren eta paperezko euskarrien beharra dauka oraindik. Pentsamendu horretan da eta horrekin batera herrien eta jendearen arteko laguntasuna bultzatzea helburu du ‘Paperezko Ametsak’ proiektuak. Ideia Gipuzkoako Oiartzun-en sortu da, eta herriko haurrak ditu parte hartzaile eta protagonista nagusi. Egiten dutena xinplea bezain handia da: paperezko liburuak bildu, beharra dagoen eta normalean iristen ez diren lekuetara eskaini eta bidaliz.

Oiartzungo udalean azaroan aurkeztutako proiektua hitz hauekin deskribatu zuten arduradunek: “Liburuei hegoak jarri nahi dizkiegu. Hegan egin dezaten nahi dugu, batera eta bestera, munduan barrena. Finean, bigarren aukera bat eskaini nahi diegu liburu zaharrei zein irakurle berriei”.

Lehenengo bidalketa

Azaroan ofizialki aurkeztu bazen ere, denbora dezente daramate oiartzuarrek lanean ekimen honetan. Elkarteko ordezkari den Xabi Salabarriak EuskalKultura.com-i azaltzen dionez, “herriko umeak dira proiektua aurrera daramatenak. Lan handia hartu dute eta hainbat ekimen garatu dirua bildu eta bidalketak ordaindu ahal izateko, tartean, esaterako, bizkotxoak egin eta saldu dituzte, baita liburu separatzaileak ere, eta lan egin zuten herriko jaietan, etekinak proiektuari eskaini dizkion txosna bat jarrita. Gu, helduok, laguntzaile gara, haiek nahi dutena bideratzen saiatzen. Betebehar honetan Abaraxka Ludotekaren lankidetza eta bertako Nekane Martiarenaren inplikazioa ere behar ditugu aipatu”.

Lehenengo bidalketari dagokionez, hiru onuradun izango dituzte: liburu ugari, gaztelaniaz eta umeentzakoak, Saharako errefuxiatu kanpamentu batentzat izango dira. Oiartzunen badago Sahararekin harremanetan dagoen El Watan izeneko elkarte bat eta beraien bitartez bidaliko dira liburuak.

Argentinaren kasuan, "duela pare bat urte Necocheako Hator Hona programan ibilitako Oiartzungo lagun batzuk Jujuy probintziako Humahuacara iritsi ziren eta bertako eskola batekin geratu ziren kontaktuan". Salaberriak azaltzen duenez, “Aparzo herriko eskola batean izan ginen eta eskolako liburutegia eraikitzen lagundu genuen. Liburutegia bai, baina apalak egoki bete behar dira. Beraz, orain, beharra bai baina aukera handirik ez dutenez, mota askotako liburuak bidaliko dizkiegu, ume eta helduentzat”.

Horretaz aparte, beste liburu mordo bat, kasu honetan euskarazkoak, Argentinako euskal etxe batentzat izango dira.

Data zehatzik oraindik egon ez arren, datozen asteetan, martxoan seguruenik espero dute Paperezko Ametsak proiektuko arduradunek bidalketa gauzatzea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia