euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Paella lehiaketa, zinema, musa, aberri jaia, 72. urteurrena, dantza, hitzaldia eta bozkak La Platako Euzko Etxean

2016/06/16

La Platako Euzko Etxeak antolatutako Paella Lehiaketaren 4. edizioko irabazleak
La Platako Euzko Etxeak antolatutako Paella Lehiaketaren 4. edizioko irabazleak

PUBLIZITATEA

Ekainaren 10ean egin da La Platako Euzko Etxearen paella lehiaketa famatuaren laugarren edizioa eta zortzi izan dira talde partaideak. Lehenengo saria etxeko dantzari helduek bereganatu eta bigarrena, bi taldek konpartitu dute: Etxeko kirolariek eta Casal de Catalunya-ko kideen taldeak. Hainbat ekimen garatuta, hilabete lanpetu samarra ibili dute La Platako Euzko Etxekoek: Gaurko, ‘Begiradak’ filma ikustera gonbidatzen dute, maiatzean egindako ekintzen berri ematen dutela.

La Plata, Argentina. Harrera nabaria izan du aurten ere sukaldaritza zaleen artean La Platako Euzko Etxeak luzatutako Paella Lehiaketan parte hartzeko deialdiak, zortzi talde aurkezturik norgehiagokara: Hona zortzi taldeak: Liburutegiko kide eta Euskara ikasleena; La Platako Casal de Catalunyako kideek osatutakoa; Lomas de Zamora Euskal Etxekoena; Euzko Etxeko emakume taldearena; Euzko Etxeko dantzari helduena; Etxeko kirolariena (hockey eta futbola); Etxeko dantzari zaharrena; eta Paleta eta abesbatzako kideak biltzen zituena.

Epaimahaikoek euren zortzi paellas dastatuta, Euzko Etxeko Dantzari Helduen taldeari eman diote lehenengo saria. Bigarren, berriz, parean geratu dira, berdinduta, Euzko Etxeko kirolariak eta Casal de Catalunyako sukaldariak, eta biek, beraz, jaso dute saria.

Ekintza programa oparoa

Ekainerako ekitaldi mordoa ari da antolatzen Euzko Etxea, arlo guztietan. Gaur bertan, arratsaldeko 5:30etan, ‘Begiradak’ filma proiektatuko dute Matxin Burdin Liburutegiaren Zine Zikloan. Ekaina bukatzeko, datorren asteburuan, berriz, ekainaren 26an, Etxeko Mus 4. Txapelketa izango da, Txapelketa Nazionalari begira.

Pasa berria den maiatza ere mugimendu handiko hilabetea izan du La Platako euskal elkarteak. Argentina mailan ospatzen den Maiatzeko Iraultzaren Egunean eta Udalak gonbidaturik, hiriko kabalkadan hartu zuten parte Etxeko kideek beste hainbat elkarterekin batera. Maiatzean ere, Bragadora eta Bahia Blancara bidaiatu zuen Euzko Etxeak babesten duen Itsuentzako Futbol Taldeak. Bragadon integrazio egun batean hartu zuten parte jokalariek; Bahian, berriz, bertako bi talderekin neurtu ziren laplatatarrak.

Maiatzaren 14an, bestalde, bere 72. urteurrena ospatu zuen Euzko Etxeak, Toki Alai aretoan. Afarian zehar, abesbatzak kantatu zuen eta Lomas de Zamora, Chascomus, Cañuelas, Mar del Plata, Buenos Aires eta La Plata bertako dantzariek dantzatu zuten.  

Hitzaldiei dagokienez, Euskal Herriko Sortu alderdiko Nazioarteko Harreman saileko kide Gorka Elejabarrietak, Asier Altuna lagun, “Euskal Herriaren egoera politikoa: erronkak” izenburuko hitzaldia eskaini zuen. Saioa bukatuta, afaria partekatu zuten bildutakoek Lagun Artean Elkartean.

Zuzendaritza Batzorde berria

Euskal etxeak urteroko Biltzar Nagusia ere egin zuen, estatutuen arabera Batzordeko zati bat berritzeko. Zuzendaritza Batzorde berria honelaxe geratu da:

  • Lehendakaria: Javier Clua
  • Lehendakariordea: Jorge Batiz
  • Idazkaria: Iñaki Azcarate
  • Idazkariordea: Maria Elena Ibargoyen Garro
  • Diruzaina: Sergio Ochotorena
  • Diruzainordea: Patricia Pulido
  • Batzordekide Titularrak: 1 Andoni Etcheverry; 2 Juan Carlos Zubia; 3 Carlos Irisarri; 4 Daniel Altamira; 5 Marcelo Ochotorena; 6 Maria Fernanda Astigarraga
  • Batzordekide Ordezkoak: 1 Jose Orbaiceta; 2 Camila Pulido Olano; 3 Cesar Etcheverry; 4 Celina Aguirre; 5 Gustavo Ugarte; 6 Maite Azcarate
  • Kontu ikuskatzaile titularrak: Federico Zamalloa, Pedro Berrueta
  • Kontu Ikuskatzaile ordezkoak: Miguel Auzmendi, Celina Montes de Oca
  • Ohorezko epaimahaia: Felipe Ochotorena, Alfredo Larrañaga, Iñaki Aramayo Lazcano
  • Ohorezko epaimahaikide ordezkoa: Juan Jose Umaran Iza

Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia