euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Otsailaren 28an ahituko da FEVAren “Haztearren, gogoeta” jardunaldietan parte hartzeko izena emateko epea

2016/02/12

Cañuelasen egindako 2014ko musika tailerrean, Hugo Andiazabal ongietorria ematen
Cañuelasen egindako 2014ko musika tailerrean, Hugo Andiazabal ongietorria ematen

PUBLIZITATEA

Aktibitatea martxoaren 12 eta 13an egingo da, Mar del Platako Denak-en, eta euskal etxe bakoitzak bi ordezkari bidal ditzake, erakundearen izenean elkartearen hausnarketak aurkezteko. Gonbite honekin batera, 2016ko egitaraua antolatzeko, partaidetza eta engaiamendua eskatzen dizkie Federazioak herrialdeko euskal etxeei.

Buenos Aires, Argentina. Euskal etxeetako kide gazteak animatu eta trebatzea da FEVAren helburuetako bat eta bide horretan aurrea jotzeko, Federazioak “Haztearren, gogoeta” izeneko jardunaldiak antolatzen ditu. Elkarretaratzearen asmoa euskal etxeen kezka, proposamen eta planteamentuak entzutea da, FEVAren funtzioa zein izan daitekeen eta bere lana nola hobe daitekeen aztertuz.

2016ko “Haztearren, gogoeta” martxoaren 12 eta 13an gauzatuko da, Mar del Plata hirian eta iazkoan bezala euskal etxeek bi ordezkari bidali ahal izango dituzte; ostatu eta otorduen gastuak FEVAk hartuko ditu bere gain eta bidaiarenak, berriz, euskal etxeek. Ana Idigorasek koordinatuko ditu jardunaldiak, eta batez ere, galdera hauen inguruan egingo da lan: Zein da FEVAren funtzioa eta izateko arrazoia? Ezagutzen al da FEVAren lana? Euskal etxeen ustez, beste zerbait egin beharko luke Federazioak? Zer? Nola? Beharrezkoa da aldaketaren bat egitea? Zein?

Hona elkarretaratzearen programa:

-Larunbata, martxoaren 12a, goizeko 10etan: topaketaren hasiera. Gaua bitarteko lana, 21ak arte
-Igandea, martxoaren 13a, 10etan: lanaren jarraipena eta emaitzak. Eguerdiko ordu 1ean, topaketa amaitzeko bazkaria

Izena emateko epea otsailaren 28an bukatuko da. Euskal Etxeek euren ordezkarien datuak bidali behar dizkiote FEVAri (feva2000@fibertel.com.ar) izen-abizenak, adina, NAN eta iriste data atxikiz.

2016ko plangintza

Urte osoari begirako eskaintza antolatu ahal izateko, zenbait proposamen eta lan-lerro luzatu dizkie FEVAk euskal etxeei, hiru arlotan banatuta, iruzkin eta ekarpenak biltzeko. Informazioa otsailaren 20ra arte bilduko du Federazioak:

A TREBAKUNTZA ETA DIBULGAZIOA (euskal etxeek eskaturik)

A1 Trebakuntza: Hasiera batean, trebatze saioetan bost diziplina bultzatuko dira: kirola, sukaldaritza, dantza, musika eta musa. Euskal etxe batzuetan gai hauei buruzko klaseak emateko gauza diren lagunak daudelakoan haien datuak bidaltzeko eskatzen die FEVAk euskal erakundeei. Informazioa bidaltzeko garaian adierazi behar dira ekintzaz arduratu ahal izango den pertsonaren izen-abizenak, e-posta, telefono zenbakia, zein diziplinan lagunduko duen eta zer nolako esperientzia duen arloan.

Kasu honetan, FEVAk hartuko ditu bere gain monitoreen bidaia gastuak; euskal etxe antolatzaileak, berriz, ekintzaren eta monitoreen ostatuaren gastuak.

A2 Zabalkundea: hitzaldi zerrenda osatuko du FEVAk, euskal etxeek ekintza egitarauak antolatu ahal izateko. Zerrenda eguneratu eta osatu ahal izateko, gaiak eta hizlariak proposatu ahal dituzte euskal etxeek, euren kideen artean euskal gaietan adituak baldin badituzte. Izanez gero, bidali beharko dizkiote FEVAri hizlariaren datuak (izen-abizenak, e-posta, telefono zenbakia); hitzaldiaren izenburua eta iraupena, hitzaldiaren laburpena eta hizlariaren curriculum vitaea.

B TAILERRAK, FEVA deitzaile, euskal etxe baten egoitzan egingo dira, hainbat euskal etxetako ordezkari lagun. Federazioa, partaideen ostatuaz arduratuko da eta euskal etxeak bidaiaren gastuez. Urtean zehar egingo diren tailerrak hauexek dira:

-“Haztearren, gogoeta” jardunaldiak, martxoaren 12 eta 13an, Mar del Platan
-“Txikientzako begiraleak trebatzeko tailerra”, ekainean, Buenos Airesen
-“Dantza eta musika tailerra”, abuztuan, Buenos Airesen
-“Euskal Kulturari buruzko tailerra”, bi asteburutan egingo da, irailaren 10 eta 11an eta irailaren 24 eta 25ean (data eta egoitza baieztatzeke)

C MEMORIA BIZIA: proiektu honen baitan elkarrizketak egingo dira bilduma bat osatzeko helburuarekin. Euskal etxeek proposatu ahal diote FEVAri elkarrizketatzeko edadeko jendea. Proiektuaren arduradunen esanetan, “elkarrizketatuak Euskal Herrian jaioak edo euskal jatorrizkoak izan daitezke. Beren istorioek esanguratsuak behar dute izan, Euskal Herrian edo Argentinan gertatutako pasadizodunak; migrazio esperientziak edota euskal etxean egindako lana islatuz beta horren guztiaren lekukotasuna emanez”. Federaziotik eskatzen diete euskal etxeei testigantza emateko prest daudenen datuak bidaltzeko: izen-abizenak, telefono zenbakia, e-maila eta zergatik egin behar zaien elkarrizketa (lerro bat baino ez). Datuak otsailaren 19ra arte bilduko dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia