euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ostiralean itxiko da epea iragarkiak sartzeko NABOren 2017ko Buffaloko Festa eta Biltzar Nagusiko aldizkarian

2017/04/10

NABOk bere Biltzar Nagusia azkeneko aldiz Buffalon egin zuen urteko aldizkaria
NABOk bere Biltzar Nagusia azkeneko aldiz Buffalon egin zuen urteko aldizkaria

PUBLIZITATEA

Wyoming-eko Buffalo izango da uda honetan, uztailaren 21etik 24ra, NABO Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioak bere 2017ko Elkarretaratze eta Biltzar Nagusia egiteko hautatu duen lekua. Aurrekoetan ohi bezala, herriko 'Buffalo Bulletin' kazetak eta 'Big Horn Basque Club' euskal etxeak, jaialdi handi honetako aldizkaria plazaratuko dute, hitzorduari buruzko egitaraua eta xehetasun guztiak bildurik. Ostiral honetan, apirilaren 14an, bukatuko da bertan iragarki, ohar, abisu edo agurrak lotzeko epea.

Buffalo, Wyoming, AEB. Buffaloko 'Big Horn Basque Club' euskal etxeko lehendakari Jason Caminok oroitarazi duenez, aukera bat da aurten NABO Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioak Buffalon egingo duen elkarretaratzeko aldizkarian iragarkiren bat argitaratzea; aukera herrialde osotik bilduko diren pertsona eta familiengana iristeko, denbora berean bertako euskal etxeari eta festari berari laguntzen zaiola. Iragarki bat ipini nahi dutenek, mugitu beharko dute, ordea, ostiral honetan, apirilaren 14an bukatuko baita iragarkiak jartzeko ipini den epea.

Buffalon bertan, jatorri baxenabartardun jaiotako gazteak azpimarratu du, prezio apaleko iragarkiak direla, irismen handiko aldizkaria izanik ere. Izan ere 5.000 aleko tirada izango du, koloretan, 64 bat orrialderekin, "NABOk Buffalon egin zuen azken jaialdi nagusian atera zena hartzen badugu erreferentzia gisa"; "aurtengoan seguruenik orrialde gehiagoko argitalpena izango da, edizioz edizio handitzen joan baita jaia, eta berarekin bat aldizkaria orrialde gehiagokoa izatea espero dugu", adierazi du Caminok.

Hona prezioak: orrialde osoko iragarkiak, koloretan, 475 dolarreko prezioa du; orrialde erdikoak, 325; laurdenekoak, 200; eta zortzirenekoak, 125.

Iragarkia jartzeko, aski da emaila bidaltzea jennifer@buffalobulletin.com helbidera edota telefonoz deitzea +1 307-684-2223 zenbakira. Gauza bera behar da egin publizitateari buruzko xehetasunak eskuratzeko.

Bestelako galderak, esaterako, bertan salposturen bat ipintzeari buruzkoak, lo egiteko lekuez edota turistikoki zer nolako aukerak eskaintzen dituen inguruak jakin nahi izan ezkero, Euskal Festa NABO Biltzar Nagusiari buruzko webgunera joz egin daitezke, edota antolatzaileen Facebooka bisitatuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia