euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ostiralean egingo dira Boiseko Katedralean urriaren 6an hil zen Grace Mainvilen aldeko elizkizunak

2017/10/11

Joan den asteko ostiralean hil zen, Eagle-ko (Idaho) bere etxean Grace Mainvil, duela bizpahiru urte, eritasun gaizto bat detektatuta kargua utzi zuen arte NABOko diruzaina ia 30 urtez eta oso emakume ezagun eta maitatua zena Ipar Ameriketako euskaldunen artean. Gracek gure komunitateko onena pertsonifikatu izan du urteotan, baloretan, dedikazioan, besterenkoi izaten, zintzotasunean, eskuzabaltasunean, eraginkortasunean eta beste hainbat kualitatetan, ahaztu gabe beti ezpainetan zeukan irria, bere jarrera ireki eta zerbitzu izpirituaren adierazgarri.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Ez da erraza hitzetara ekartzea zer zen Grace eta zer nolako hutsunea utziko duen bera tratatzeko eta ezagutzeko zortea izan genuenontzat. Lagun bat zen, ama bat bezala, konfiantza eta hurbiltasun emaile, bere esana zuzenean sinesten zenuen, langilea, zorrotza NABOren kontuak eramaten eta giza pertsona, baikorra, lagunkoia, etxekoa. Kate Caminok eta Lisa Corcosteguik oso ondo ezagutu eta elkarrekin egin zuten lan urte askotan eta Grace-ri buruz idatzi dute aste honetako NABOko Asteron. Lerro horiek itzuli eta hona moldatu ditugu, ongi laburbiltzen dutelakoan Graceren izana.

Kaliforniako San Juan Capristano herriko arrantxu batean jaioa Ainhoa (Lapurdi) eta Amaiur-Baztango (Nafarroa) gurasoen alaba, Gracen bizitza euskal komunitatearen zerbitzuko ibilbide luze baten adierazgarri da, gogor, naturaltasunez eta komentzimenduz egin baitzuen beti lan Estatu Batuetako euskal kulturari segida ematearen alde. NABOko diruzain 28 urtez aritzeaz gain (1987-2015), bere tokiko euskal etxeko, Ontario Basque Club-eko delegatu izan zen 32 urtez (1982-2014), bertan beste hamar bat urtez idazkari, lehendakariorde eta lehendakari ere izen zelarik. Grace-rentzat inor ez zen atzerritar edo arrotz eta beti enseatu izan zen iritsi berriak gustura egon eta abegikor tratatuak senti zitezen NABOko bileretan. NABOren kontuak zintzo demonio eta xehetasun guztiak emanez eramateko gaitasuna zeukan eta ohargarria zen operazio txikiena ere hurbiletik segitzeko zeukan trebezia. Guztien konfidantza itsua zeukan. Bere oroimen instituzionala ere miresgarria zen.

NABOko hautetsi gisa, Grace erakundeko ordezkari izana zen tokiko mailan eta baita nazioartekoan ere, hala nola 2003an Euskal Herrian, Munduko Euskal GIzataldeen Mundu Kongresuan. Gracek NABOren Bizi Emankorra saria jaso zuen 2006an, bizitza oso bateko lana gogoan. Eta 2015ean erakundearen diruzaintza osasun-arazoengatik utzi zuenean, NABOren Jaialdiko bilerako partaideen txalokada luze, bero eta zintzoa jaso zuen. Society of Basque Studies in America (SBSA, Ameriketako Euskal Ikasketa Erakundea) elkarteak bere Hall of Fame Famaren Galerian sartu zuen 2007an.

Faltan botako dugu Grace eta John elkarrekin dantzan ikustea euskal festetan, baita Gracen jarrera bero eta laguntzailea ere. Bere energia kutsakorra izan ohi zen eta bere irriaren markak luzaro segituko du gure bihotzetan.

Graceren aldeko elizkizunak Idahoko Boisen egingo dira. Errosarioa Summers Funeral Home-n, ostegunean, urriaren 12an, arratsaldeko 7etan. Elizkizuna, berriz, St John katedralean egingo da ostiralean, urriaren 13an, goizeko 10etan. Meza ondoren, familiak Grace ezagutu zuten guztiak Euskal Etxera gonbidatu ditu bertan egingo den harrera-ekitaldira.

Gracek euskal kulturarekiko zeukan atxikimendua gogoan, bere familiak NABOren Udaleku gazte fondoa hautatu du, edota beste edozein euskal etxe, bere izenean diru-emaitzarik egin nahi dutenentzat.

AEB eta Kanadako euskal komunitatearen, eta oro har euskal diasporaren izenean, gure doluminik zintzoenak bere senar John, eta euren alaba Janice, Joanne, Louise eta Lindari, eta euren familia eta lagunei. Jakizue geure pentsamendu eta otoitzetan zaudetela. Goian Bego, Grace (Lacouague) Mainvil.

Graceren hil-oharra hemen irakur daiteke.

-Elkarrizketa Grace eta John Mainvilekin EuskalKultura.com (2014)
-Grace eta John Memoria Bizia proiektuan elkarrizketatuak(2015)
-Grace eta Ontarioko beste bost emakume SBSAk ohoratua, EuskalKultura,com-en (2007)
-Grace-n NABO Bizi Emankorra, Pierro Etcharrekin batera jasoa, EuskalKultura.com (2006)

Datorren bideo hau 2007an egin zuen Lisa Corcosteguik, Grace SBSAren Hall of Fame (Famaren galeria edo aretoa) delakoan sartu zutela-eta Ontario, Oregonen eginiko ekitaldian:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia