euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ospatu berriak 18 urteak. Trenque Lauquen-go Euskal Sustraiak-ek San Juan sua piztu eta panpina erraldoia erreko du igandean

2016/06/22

Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxearen 18. urteurren jaia ekainaren 11an izan zen
Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak Euskal Etxearen 18. urteurren jaia ekainaren 11an izan zen

PUBLIZITATEA

18 urte bete ditu aurten Trenque Lauquen hiriko Euskal Etxeak eta instituzioko kide guztiak batu zituen gonbidatuei afari ederra eskaini ahal izateko. Afariaren baitan Celia eta Jose Echaniz bazkide fundatzaileak omendu zituen Zuzendaritza Batzordeak. Ospakizunek asteburu honetan jarraituko dute Euskal Sustraiak-eko kideen eskutik: igande arratsaldean, San Juan Suaren inguruan euskal dantza ikuskizuna eskainiko diote euskaldunek komunitateari.

Trenque Lauquen, Argentina. Ehun lagunentzako afaria prestatu zuten ekainaren 11an Trenque Lauquengo euskal gizataldeko ordezkariek euren Euskal Etxearen urtebetetzea ospatzeko. Etxeko sukaldariak arduratu ziren menuaz –sarrera eta arkumea– eta dantzariak ikuskizunaz: Aurresku batekin ireki zen dantzaldia eta horren ostean txikiek Txapeloaz, eta ertainek Fandango eta Arin Arin aurkeztu zituzten.

Postrearekin eta urtebetetze tartarekin batera, agintarien hitzak iritsi ziren. Hector Echaide lehendakariordeak eta Alejandra Bengochea idazkariak esker beroak luzatu zizkieten bildutako guztiei eta omenaldi berezi bat egin zieten etxearen sortzaile izan ziren Celia eta Jose Echaniz neba-arrebei.

Afalostean erromeria hasi zen. Dantzari helduek ikasitakoa erakutsi zuten, batez ere fandangoak; jaia ordu txikiak arte luzatu zen Emanuel Revecci musikariaren zuzeneko musikarekin.

San Juan Sua

Urtero egiten duen legez, aurten ere San Juan Sua piztuko du Euskal Sustraiak Euskal Etxeak. Hitzordua igandean iritsiko da, arratsaldeko 6:30etan tren geltoki zaharreko lur-eremuan. Dantzariek dantzatuko dute suaren inguruan eta Euskal Etxeko kideek txokolate beroa eta goxoak eskainiko dizkiete bildutakoei. Sutan panpina erraldoia erreko da. Euskal Etxetik jakinarazi digute Udala lankide izango dutela, audioa eta argiak bere kargu hartzen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia