euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

“Oso uda on” baten ostean, ikasturteko lehen jaia egingo du bihar du Quebec-eko Parc de L’Aventure Basque-k

2014/10/31

Hamaseigarren mendeko euskal balea zaleen bizitza azaltzen du museoko erakusketa berriak eta, uda honetan, aurreko erakusketako azken udan baino hiru aldiz jende gehiago erakarri du. (Argazkia: PABA)
Hamaseigarren mendeko euskal balea zaleen bizitza azaltzen du museoko erakusketa berriak eta, uda honetan, aurreko erakusketako azken udan baino hiru aldiz jende gehiago erakarri du. (Argazkia: PABA)

PUBLIZITATEA

Azaroaren lehenengoan ospatuko du aurtengo Halloween jaia Quebec-eko Parc de L’aventure Basque en Amérique interpretazio zentroak. Museoko zuzendari Mélanie Paquet-ek EuskalKultura.com-i adierazi dionez, “oso uda on” baten osterako prestatu duten lehen ekintza izango da. Horrekin batera, ‘Carnaval pistoneige’ ospatuko dute otsailean eta inguruko eskoletako ikasleen bisitak jasoko dituzte ikasturtean zehar.

Trois-Pistoles, Quebec. Domusantu eguna aitzaki, mozorrotutako haurrak eta helduak ongi etorriak izango dira Parc de L’aventure Basque-n, azaroaren 1ean. Sorgindutako museo bihurtuko da parkea, beldurrezko ipuin kontalariak eta hamaika sorpresa bere baitan hartzen dituela. Aurreko urteetan bezala, ehun bat lagun espero dituzte. Otsailean, berriz, laugarren aldiz antolatuko dute arrakasta handia izaten ari den Carnaval pistoneige jaia. Musika, jolasak, kirolak eta umeentzako makilajea eskaintzen dituzte familia osoari zuzendutako haratuste bereziotan.

Eta iragarri dituzten bi ekintza hauekin batera, beste hamar gehi bat plan proposatzen ditu zentroak, hala nola: Gabonetako jaia, abenduan; musika emanaldiak; kanpaina solidarioak; eskolak; liburu aurkezpenak; plan gastronomikoak; bai eta hiru pala liga –emakumezko, gizonezko eta haurrentzat−, ekainaren 15ean denboraldi ofiziala hasi eta gero. Quebec-eko Egun Nazionala (ekainak 24), euskal jaia (uztailak 31, abuztuak 1-2) eta Arkeologiaren Hilabetea (abuztuan) ere antolatzen dituzte. Eta, ikasturtean zehar, inguruko ikastetxeetako ikasleen bisitak ere gidatzen dituzte.

Bisitari gehienak uda partean joaten zaizkie. Bereziki onak izan dira azken biak gainera, XVI. mendeko euskal balea zaleen bizitza erakusten duen esposizioaren arrakastaren adierazgarri. “Oso uda ona” izan da aurrekoa, Paquet-en berbatan. “1.500 lagun inguru hurbildu dira (museo barrura; 5.000 lagun inguru joan baitira kanpoaldeko jatetxera), iazko udan bezala, baina duela bi urte baino hiru aldiz gehiago. Arrakastatsua izaten ari da erakusketa hau”.

Izatez, erakusketa horretan egindako lanagatik saria jaso zuen museoak ekainean eta, indarberrituta, jarraitu dute lanean: “Beste instituzio batzuekin lan egitea gustatuko litzaiguke, Quebec-eko Euskaldunak kasu edota Ipar Ameriketako Euskal Etxeen Erakundearekin”, bukatu du zuzendariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia