euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ordiziako alkateak Ordizia eta Callaoren arteko senidetzean parte hartu zuen Perura egindako bidaian

2008/11/21

Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkatea, Cancillerian egin zen ekitaldian hizlari (argazkia Limako Euskal Etxea)
Jose Miguel Santamaria, Ordiziako alkatea, Cancillerian egin zen ekitaldian hizlari (argazkia Limako Euskal Etxea)

PUBLIZITATEA

Jose Miguel Santamaria Ordiziako alkatea itzuli berria da Peru eta Mexikora egin duen bidaiatik, Andres de Urdaneta itsagizonaren 5. mendeurreneko ekitaldien karira. Urdanetak Asia eta Amerika arteko itsasbidea aurkitu zuen XVI. mendean, eta horri esker bi kontinenteen arteko merkataritza indartu egin zen nabarmen. Orain, Urdanetak lotu zituen hiri eta herrialde hauen eta Ordizia eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko urratsak eman ditu Santamariak. Bidaia Peruko El Callaon hasi zuen alkateak, hiri honen eta Ordiziaren arteko senidetzearekin.

Donostia-San Sebastián. Perun egin ziren Urdanetaren 500 urteen ekitaldien unerik garrantzitsuenak joan den azaroaren 13 eta 14ean bizi izan ziren. Ospakizun hauetan parte hartzeko Ordiziako alkate Jose Miguel Santamaria buru zuen ordezkaritza bat Perun izan zen. Programa Callaon hasi zen, Peruko portu nagusi eta Urdanetaren Peruko basea izan zen hartan. Bertan ordiziarraren omenezko 'Andrés de Urdaneta parkea' inauguratu zuen, Fortaleza del Real Felipe monumentuaren ondoan. 'Inaugurazioan euskal ereserkia jo zuten eta ikurriña masta gainean ikusgai izan zen bertaratu ziren guztientzat', azaltzen du Raúl Noblecillak, Limako Euskal Etxeko kideak eta urteurreneko ekitaldien koordinatzaile izan zenak.

Ekitaldien bedeinkapena Callaoko apezpikuak eman zuen, Ormaiztegin jaioa den Miguel Irizarrek, Ordiziarekin duen harreman estua azpimarratuz. Ondoren Callaoko alkatea, Félix Moreno, eta Ordiziakoa, José Miguel Santamaría, mintzatu ziren, Urdanetaren garrantzia azpimarratuz eta  bi herrien arteko hartu-eman oparoen alde topa eginez.

Ondoren ekitaldian parte hartu zutenek --Callaoko agintariak, euskal komunitateko kideak eta Ordiziako ordezkariak-- Urdanetaren omenezko plaka inauguratu zuten Callaoko plaza nagusi den Miguel Grau plazan. Lore eskaintza egin ostean taldea Untzi Museora joan zen eta bertan Ordizia eta Callaoren arteko senidetze akordioa sinatu zuten alkateek. Callao-ko alkateak Gurutze Handia, hiriko  domina garrantzitsuena, ezarri zion Santamariari. Ordiziarrak, bere aldetik, herri gipuzkoarraren margo bat oparitu zion.

Isasagatarren jauregian

Biharamunean, azaroaren 14ean, Gonzalo Gutiérrez Peruko Kanpo Harremanetarako Idazkariak harrera ekitaldia eskaini zuen Cancillería-ren areto nagusian. 'Bitxia da, baina jauregi hori Isasaga Muxika y Gebara familiak eraiki zuten. Torre Tagleko markesgoarenak ziren eta Ordiziako Torrea etxean zuten jatorria. Jauregian familiaren erretratuak daude eta gehienetan euren jatorriari buruzko aipamenak agertzen dira', azaldu zuen Santamariak. Ekitaldian Martín Irigoyen enbaxadoreak Urdanetak Asia, Amerika eta Europa arteko merkatal harremanetan izan zuen garrantzia azpimarratu zuen.  Ondoren, Ana Savaraín de Graf-ek klabezin kontzertua eskaini zuen. 

Urdaneta Peru
 
[Ana Savaraín de Graf-ek eskaini zuen kontzertuaren une bat (argazkia Limako Euskal Etxea)]

Berriz ere Limaruntz

Peruko egonaldian, Santamariak herri honetako presidenteorde Luis Giampietrirekin biltzeko aukera izan zuen eta bere bisitak oihartzun nabarmena izan zuen bertako komunikabideetan. 'Peruko telebistak hamar minutuko erreportaia eskaini zuen ikusle gehien dagoen orduan. Beste komunikabide askok ere bi egunetan egindakoaren berri eman zuten eta asteburu honetako ekitaldien berri ere emango dute', azaldu zuen Santamariak.

Izan ere, Ordiziako alkatea Limara bueltatuko da datorren asteburu honetan, APEC gailurrak Urdanetari egingo dion omenaldian parte hartzeko. APECek Pazifikoko 21 herrialde nagusiak biltzen ditu. Bertan, Mexikoko presidente Felipe Calderón-ek Filipinetako presidente Gloria Macapagal-i Urdanetaren untziaren erreplika emango dio.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia