euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Andres de Urdaneta euskal itsasgizonari buruzko dokumentala aurkeztuko dute gaur Ordizian

2008/07/21

Andres de Urdaneta itsagizonaren papera egin duen aktorea bidaien mapak aztertzen (argazkia Ordiziako Udala)
Andres de Urdaneta itsagizonaren papera egin duen aktorea bidaien mapak aztertzen (argazkia Ordiziako Udala)
Andres de Urdaneta itsasgizonaren jaiotzaren 500. urteurrena betetzen den honetan, ekitaldi ugari egiten ari dira bere omenez Ordizia jaioterrian. Iragan ostegunean, esaterako, Mikel Urretabizkaiak zuzendutako 'Urdanetaren sekretua' dokumentala aurkeztu zuten proiektuan parte hartu duten udal arduradun, babesle eta lankideentzako emanaldi berezian. Gaur estreinaldi ofiziala egingo da herriko jendearentzako. Filmak ordubete irauten du, adituei eginiko elkarrizketak eta Urdanetaren bizitzako pasarteen eszenifikazioak uztartuz. Bertan jasotzen dira Andres de Urdanetak itsasoan bizi izan zituen ekintza gogoangarriak, Carlos V.a enperadorearekin eta haren seme Felipe II.a erregearekin izan zuen harreman estua, eta ordiziarrari historian lekua eman zion 'Tornaviaje' bidearen aurkikuntza, besteak beste.

Ordizia, Gipuzkoa. Andres de Urdanetaren dokumentalaren grabazioa martxoan hasi zuten Mikel Urretabizkaia zuzendariak eta bere lantaldeak. Filipinetan, Mexikon, Valladoliden, Madrilen, Lisboan eta Euskal Herrian bertan filmatzen aritu ostean, ekainean amaitu zuten 'Urdanetaren sekretua'. Zuzendariak berak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, 'Urdanetak bazekien Filipinak eta Amerika arteko bidaia nondik egin behar zuen. Bide hau deskubritzeak ospetsu egin zuen Urdaneta eta berak bidea, hau da, dokumentalaren izenburuan aipatzen dugun sekretua, ezagutzen zuen'.

Hilabete hauetan zenbait zailtasun gainditu ditu behar izan lantaldeak grabazioan. 'Zailtasunik handiena XVI. mendeko irudia gaurko egunetara moldatzea izan da', aipatzen du Urretabizkaiak. Bestalde, 'dokumentalaren ehuneko hogeian-edo eszenifikazioa erabiltzen da eta honek beti ekartzen ditu zailtasun gehiago aktoreak eta tokiekin lan egiteko garaian', aipatzen du zuzendariak.


Andres de Urdanetaren dokumentala2


Andres de Urdanetaren dokumentala3
['Urdanetaren sekretua' dokumentalaren bi irudi. Andres de Urdanetaren papera antzezteko hiru aktore erabili dituzte: Beñat Intxausti izan da Urdaneta umea; Gorka Lari, Urdaneta itsasgizona; eta Manuel Viloria Urdaneta fraidea (argazkiak Ordiziako Udala)]


Urdanetaren 'benetako irudia': nabigatzailea

'Urdanetaren sekretua' dokumentalak Andres de Urdanetaren 'benetako irudia' erakutsi nahi die herritarrei, Urretabizkaiaren esanetan. 'Orain arte beti fraidez jantzirik ezagutu izan dugu, bera agustindarra baitzen. Baina ez zen misiolaria, gaur egun ezagutzen den moduan. Bera nabigatzailea zen, kosmografoa. Eta hori da dokumentalaren bidez erakutsi nahi duguna', azpimarratzen du. Horrela dokumentalak egungo Mexikoko erregeorderrian egin zuen lana eta Juan Sebastian Elkano eta Miguel Lopez de Legazpi nabigatzaile euskaldun handiekin izan zuen harremana ere azaltzen ditu.

Dokumentala Ordiziako 'Herri Antzokian' eskainiko da gaur. Euskarazko bertsioa 19:00etan hasiko da eta gaztelaniazkoa 20:15etan. ETB-1 eta ETB-2 telebista kateek ere filmea emango dute aste honetan. Ikus-entzunezko lan hau Ordiziako Udalak sustatu du eta Eusko Jaurlaritzaren Industria sailaren, SPRIren eta ETBren laguntza ekonomikoa jaso du.

Lotura interesgarriak

Ordiziako Udala
www.ordiziakoudala.com

Andres de Urdaneta
www.andresurdaneta.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia