euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oporretatik bueltan Argentinako euskara ikasleak euskal etxeetako ikasgeletara itzultzen ari dira

2010/03/16

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak euskara klaseak sustatzeko egin duen afixa
Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak euskara klaseak sustatzeko egin duen afixa
Martxoan hasten da Hego Hemisferioan ikasturtea. Oporraldia bukatuta, eta lanera eta eskolara bueltarekin batera, euskal etxeek pixkanaka urteko aktibitateei berriro ekiten diete. Kasu batzuetan martxoan bertan irekitzen dizkiete ateak ikasleei, beste batzuetan eta ikasleriaren ordu-aukerari begira, apirilean. Irakasleei dagokienez, 'Argentinan Euskaraz'-en ikasle ohiak eta egun abian dagoen 'Euskara Munduan' programaren ikasleak dira. Klase hasierarekin urteetan zehar ikasitako guztia irakasteko aukera izango dute berriz ere Argentinako euskara irakasleek. Hizkuntza klaseez gain, euskal kulturaren arloko beste hainbat ekintzekin ere hasiko dira martxotik aurrera euskal etxeak.

Cordoba, Argentina. Cordoba hiri mediterraneoko Gure Txokoa euskal etxean, euskara klaseko hiru talde hasiko dira aurten: oinarrizkoak ostiraletan izango ditu klaseak arratsaldeko 5etatik 8etara; erdikoak, berriz, ostegunetan 5etatik 8etara eta goikoak astelehenetan 6etatik 9etara. Txikientzako klaseak ere egongo dira: ostegunetan 6:30etatik 8etara. Irakasleak euskal etxeko lehendakari ordea den Elba Mocoroa eta Noe Fernandez Brizuela dira. Euskararen inguruan, hilean behin Euskal Literaturari buruzko klase berezi bat egingo da. Eskola hauetan testuak irakurri eta azalduko dira. Horretaz aparte, beste proposamen bat daukate Gure Txokoa-ko lagunek: zortzi klasetako euskal kulturari buruzko tailerra prestatzen ari dira cordobatarrak. Gaiak Historia, Hizkuntza eta Literatura, eta Musika eta Dantzak izango dira.

Bestalde, euskal kulturarekin lotura handia dituen ikastaro hauek ere hasi dira hile honetan: arte plastiko eta musikari buruzko tailerra umeentzat, alboka tailerra, txalaparta tailerra, txistu tailerra, umeentzako eta helduentzako dantza klaseak, eta Baietz taldearen kontzertuak. Apirilean, gainera, euskara ikasleak hasiko dira berriro Euskarazko Blogarekin eta, azken hamar urteetan bezala, Udaberri antzerki taldeak jarraituko du bere emanaldiekin.

Arrecifes eta Mendoza

Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat euskal etxean eta Mendozako Denak Bat-ean eskolak oraindik ez dira hasi baina bi hirietan izena emateko epea jadanik irekita dago. Arrecifesen kasuan, Aste Santua pasa eta gero bueltatuko dira ikasleak euskal etxera. Txikientzako klaseak -- 11 urte arte --larunbatetan izango dira, arratsaldeko 4etatik 6etara, Marianela Rimini, Miguel Garcia Bernaus eta Renzo Bustos irakasleekin. 12 eta 15 urte arteko nerabeentzako klaseak, egun eta ordu berean izango dira baina Victoria Abasolo eta Teresa de Zavaleta irakasle. Bukatzeko, helduek ere izango dute euskara ikasteko aukera. Teresa de Zavaleta arrecifestarra izango da irakaslea, larunbatetan iluntzeko 6etatik 8etara. Aipatu behar da klaseek batzen dituztela hizkuntza eta euskal kulturari buruzko gaiak.

Mendozako Denak Bat euskal etxean, berriz, martxoaren 20an hasiko dira klaseak, arratsaldeko 5etan. Etxeko kideak, lagunak eta komunitate osoa dago gonbidatuta doakoa den ikastaro honetan parte hartzera. Informazio gehiago nahi izanez gero, jo Euskal Etxera, Barcala 643 edo 420 5223 telefono zenbakira.


Lotura interesgarriak

Cordobako Gure Txokoa-ko euskarazko Bloga
www.euskaraz.blogspot.com

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia