euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oñatiz maitemindu zen bikote amerikarrarena: Boiseko Juli Txakartegi eta Patxi Lostra Oñatin dira bolada baterako

2018/05/14

Juli eta Patxi, Julianne Txakartegi eta Francis Anton Lostra, Oñatiko Plazan (arg. EA-Goiena)
Juli eta Patxi, Julianne Txakartegi eta Francis Anton Lostra, Oñatiko Plazan (arg. EA-Goiena)

PUBLIZITATEA

1978an etorri ziren lehenengoz Oñatira Julianne Txakartegi eta Francis Anton Lostra, Boiseko Unibertsitateko programa baten baitan; Boisekoak izan arren, hainbat senide dituzte Euskal Herrian; orain, erretiroa hartuta, Oñatira itzuli dira denboraldi baterako. Eneko Azurmendik sinatzen du artikulua Goiena aldizkarian.

Eneko Azurmendi / Oñati, Gipuzkoa. Juli eta Patxi ezizenez dira ezagunak Julianne Txakartegi eta Francis Anton Lostra senar-emazte boisetarrak.

1978an, Boiseko Unibertsitateko programa baten bitartez, Oñatira etortzeko aukera izan zuten. Bederatzi hilabete egin zituzten ikasleen arduradun, orduko ETEOn, eta programa bukatzean, 1979ko maiatzean, hemen geratzea erabaki zuten. "Lekeition pasatu genuen uda hura, Juli-k senideak dituelako han. Uda pasa ostean, ez genuen Ameriketara itzultzeko gogorik eta Oñatin geratu ginen beste bi urtez, 1981era arte", azaldu du Patxi-k. Denbora tarte horretan irakasle aritu ziren biak; Patxi, ETEOn, eta Juli-k, berriz, eskola partikularrak ematen zituen. Orduan ere, ez zuten itzultzeko gogorik, baina "arrazoi familiarrengatik" itzuli behar izan zuten Boisera.

Harrezkero, Juli lau aldiz itzuli da Oñatira eta Patxi hiru aldiz: 1989an, seme jaioberriarekin etorri ziren; 2002an ere hirurak, semea koxkortzen hasia zela. "Denbora tarte horretan Oñati asko aldatu zela nabaritu genuen", azaldu du emazteak; 2016an biak bakarrik etorri ziren, semea Boisen utzita, eta iaz, 2017an, Juli bakarrik, lanera, hilabete baterako. Oraingoan, erretiroa hartuta eta denbora soberan dutela, berriro ere biak etorri dira. Duela astebete iritsi ziren Oñatira, eta Patxi-k azaldu duen moduan, ez dute Boisera itzultzeko hegaldia hartuta. "Aspertzen garenera arte geratzeko asmoa daukagu. San Migel jaiak pasatu arte, behintzat, hemen ibiliko gara, baina ez dakigu oraindik noiz itzuliko garen", azpimarratu du.

Planik gabe

Hemen zer egingo duten galdetuta, ez dakitela erantzun dute. "Maiatzeko zubian Errioxan egon gara lau egun pasatzen eta orain ez dugu inongo planik. Egunerokoa bizi eta momentuan suertatzen diren planak egingo ditugu. Datorren astean, adibidez, Lekeitiora eta Gernikara joateko asmoa daukagu, han ditugun senideak bisitatzera", adierazi du Juli-k.

Hemengo lagunekin egoteko ere aprobetxatuko dute egonaldia. Izan ere, "lagun asko ditugu hemen, aspaldiko lagunak, eta polita da haiekin istorioak partekatzea", Patxi-ren esanetan. "Guretzat, ia Boisen egotea bezala da, etxean moduan sentitzen gara hemen. Polita da hainbeste urteren ostean hemengo lagunekin egon ahal izatea", gaineratu du.

Euskara

Patxi-k euskara etxean ikasi du, eta oñatiarra balitz bezala egiten du berba euskaraz. Gurasoak Nevadan jaioak dira, baina aitona-amonak euskaldunak ditu. "Nire aitak eta osabak ingelesez eta euskaraz zekiten bakarrik, gaztelaniaz ez. Aitak, osabak eta amonak euskaraz egiten zuten etxean eta niri ere euskara erakutsi didate", azaldu du. Juli-k, berriz, euskara nahiko ondo ulertzen du, baina ez da gai berba egiteko, "oinarrizko hitz batzuk baino ez". Hizkuntza "zaila" egiten zaio, baina pixkanaka ari da hobetzen. Gaztelania, aldiz, ondo menperatzen dute biek.

(Goienan 2018-05-04an argitara emana)



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia