euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldiak eta euskal kultura zabaltzearen aldeko engaiamendua General Achako Euzko Txokoa-ren 50. Urteurrenean

2015/03/05

Erakundearen sortzaileen senideek desestali zituzten 50. urteurrena kari jarritako plaka oroigarriak (argazkia Valeria Oyarzabal)
Erakundearen sortzaileen senideek desestali zituzten 50. urteurrena kari jarritako plaka oroigarriak (argazkia Valeria Oyarzabal)

PUBLIZITATEA

Berrogei bat gonbidatu lagun, protokolozko ekintza eta euskal kulturari buruzko hitzaldi bat egin zituen Euzko Txokoa-k bere 50. urteurrena ospatzen hasteko. Zeremonia hunkigarri batean, euren banderadunak aurkeztu, plaka oroigarriak desestali eta instituzioaren sortzaileak omendu zituzten Gral. Achako euskal etxeko egungo arduradunek. 

Gral. Acha, Argentina. Hilabeteak daramatza La Pampa probintzia argentinarrean kokatzen den Euzko Txokoa euskal etxeak bere mende erdiaren ospakizunak antolatzen, helburu argi batekin: egun kirol arloan erabat aktiboa den erakundean euskal giroa suspertu eta areagotzea. Helburu horrekin, instituzioaren urtebetetze egunaren baitan eta antolatzaileek gonbidaturik, “Euskaldunen misterioa” izenburuko hitzaldia eskaini zuen joan den larunbatean Mikel Ezkerro irakasleak, bertaratutakoen interesa eta txaloak lortuz.

Hitzaldiaren aurretik, baina, bertan aurrekaririk ez zuen ekitaldi bat gauzatu zen euskal apaingarriez dotore jantzita zegoen euskal etxearen kiroldegian. Erakundearen banderadunak sartzen ari zirela, Argentinako ereserkia abestu zen; ondoren, euskal etxearen historiari buruzko hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei batzordekide den Laura de Aguirrek.

Kiroldegiko hormetan jarritako bi plaka oroigarri desestali ziren ondoren; bata, euskal erakundearen 50. urteurrena aipatuz, Udalak oparitua, brontzezkoa; bestea, berriz, herriko artisau batek egindako egurrezkoa. Zeremoniari amaiera emateko eta banderak atera aurretik, oroigarri bana eskuratu zitzaien duela mende erdi euskal etxea sortu zutenen ondorengoei.

Protokolozko ekitaldi hau amaituta etorri ziren urteurrenaren gainerako ekintzak. Horiei segida emanez, biharamunean, martxoaren 1ean, Pilota Txapelketa egin zen herriko pilotarien artean. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia