euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia Ipar Ameriketara artzain joaniko baztandarrei Elizondon: argazki eta bideoak (II)

2008/09/23

Gan den igandeko Elizondoko artzain amerikanoen kanpamenduko sarrera, halaxe dio: 'Welcome, Euskal Sheep Camp' (argazki eta bideoak, EuskalKultura.com)
Gan den igandeko Elizondoko artzain amerikanoen kanpamenduko sarrera, halaxe dio: 'Welcome, Euskal Sheep Camp' (argazki eta bideoak, EuskalKultura.com)
Loriatu ziren joan den igandean Elizondora bildutako amerikanoak, erran nahi baita heien bizian urte batzu Ameriketan artzain ibili jendeak, aurtengo deialdian baztandarrak partikularzki, baina oro har nafarrak eta baxenabartarrak, bizkaitarrik ez baikenuen guhaurek ikusi. Ikusten ahal zen baxenabartar frango eta nafar ez-baztandarrak (antolatzailetan ere Lesakakoak ziren Neli Yanci eta Laura Igantzi, eta Kalifornian sortua, aita ezterenzubitarra eta ama bankarra, Josephine Etcheverry, Erratzun bizi dena Meliton Irigoien erratzuarrarekin esposatua). Elizondo, euskal artzain amerikanoen egiazko besta bilakatu zen. Argazki eta bideo kronikaren bigarren partea.

Elizondo, Nafarroa. Elizondora heldu zirenek artzainen oihal-etxola eta karrokanpoak ikusi ahal izan zituzten, ogia lur azpian nola egin eta 'manabarra' nola kozinatu erakusten zieten bitartean. 'Mihi bluia, edo urdina' deitu eritasunaren karietara ardiekin egin behar ziren zenbait erakustaldi ez ziren egin ahal izan.

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 009

[Ameriketan bezala, Iruritako Lorenzo Zelaietak prestatu zuen 'manabarra', eta guziek dastatu ahal izan zuten, gustura]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 010

[Karrokanpoa ere kanpotik eta barnetik ikusi ahal izan zen. Haur tipienek heien aitatxi edo arra-aitatxiren Ameriketako 'etxea' ezagutu zuten]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 011

 [Mihi edo mingaina urdina gaisotasunaren kontrako neurrien karietara ez zen posible izan ardi latxen eta merinen arteko erakustaldirik. Estatu Batuetan merino ardi mota da nagusi, haragia eta artilea egiteko, baina ez esnea edota gasna/esnerik]

Bazkarian, Elizondoko pilotalekua guziz bete zen, zazpiehundik goiti jende bildurik. Musikak eta pertsuek edertu zuten ekitaldia, tartean Martin Etxamendi ezterenzubitarraren --haren emaztea baztandarra da-- kantu bat eta baita hiru emazte antolatzaile nagusiek egin eta kantatu kantua ere. Hiru emazteak Laura Igantzi, Neli Yanci eta Josephine Etcheverry dira, artzain amerikanoen alabak hiruak, ekitaldi osoa heien gurasoeri eta Ameriketara joan ziren belaunaldiendako maitasun eta lan handiz guzia antolatu zutenak. Zozketak ere egin ziren, eta sarietarik bat, ekitaldian partzuer zen Pierro Erramouspe lagun aldudar ezagunak irabazi zuen. Iberia konpainiak eta BBK kutxak eskaini sari nagusia --bidaia Ameriketara, soilik artzain amerikano ohiek parte har zezaketen-- Joaquin Elizondo Larrañeta Orbaizetakoak irabazi zuen.

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 012

 [Elizondoko pilotalekua jendez mukurru, giro ederrean, kontu-kontari, aspaldi ikusi gabeko lagun xaharrekin kalaka]

 [Bideoan, giroa eta pilotalekuko ikuspegiak bazkari garaian, Laura Igantzi mikroan, Josephine Etcheverry eta Neli Yanci oholtza gainean]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 014

 [Ohi duen bezala, kantu pollita kantatu zuen AEBetatik jin Martin Etxamendi artzain ezterenzubiarrak. Emaztearen boz beti goxoa falta zuen]

2008 Elizondo Artzain Amerikanoak 015

 [Ezker-eskuin, Josephine Etcheverry, Neli Yanci eta Laura Igantzi

[Azken bideoa. 'Euskal Sheep Company', aldi huntarako propio egin kantua ari dira kantatzen jendea eta antolatzaileak]

 EUSKAL SHEEP COMPANY
(Neli Yanci, Elizondo, 2008ko irailaren 21ean)

Gazterik joan ginen
Ameriketara
dirua irabaztea
zen gure ametsa
karro-kanpoa bihurtuz
hango gure etxea
zaldien gainean,
zakurra ondoan,
borregak inguruan.

Euskal Sheep Company gera
Ameriketan egonak artzain
elkarrekin idatzi genuen
historiaren zatitxo bat.
Langileak ta zintzoak,
ausartak, fededun eta leialak
euskaldunen izen ona
zabaldu genuen,
GORA ARTZAINAK.

Garai hartako egunak
dauzkagu oroimenean
gure bizimodua
hain zen berezia
ustekabean noiznahi
aditzen genuen
kaskabel soinua,
koioteen oihua,
ta lehoien orrua.

Euskal Sheep Company gera...

Mendiak zeharkatuz
joaten zen urtea
urrun zeuden lagunak
urrun etxekoak
hango hizkuntz arrotza
ulertu nahi ta ezin
han bakardadean
bihotza etxean
itzultzeko ametsetan.

Euskal Sheep Company gera...
(azkeneko honetan hondarreko hiru lerroak ere errepikatu, alegia: euskaldunen izen ona zabaldu genuen, gora artzainak!)



Komentarioak

  • Artzain amerikanoen besta

    Eskerrik asko egin duzuen lanarengatik. Nere kanta hau artzaineri dedikatzea bururatu zitzaidanean ez nuen iñondik ere espero publikatua ikustea iñon eta, hara non, interneten agertzen da ez bakarrik kantaren hitzak idatzita baita bideo bateri esker soinua edo airea entzuten ahal da ere. Nere asmoa zen opari berezi bat egitea irailaren 21ean Elizondon elkartuko ziren artzainei eta Ameriketan sufritu zuten bakardea nola bait ezabatzeko beraien bihotzetatik (naiz eta jakin hori ez dela posible) sortaraztea beraien artean halako konplizidade bat eta halako sentimentu bat zein sentiarazi izango zaien elkartasun sentimentu sakon bat. Gehienek bizipenak iduritsuak bizi izan zituzten naiz eta bakoitzarena desberdina izan, hortaz gehienen historietan errepikatzen ziren momentuak isladatu nahi nituen nere kantan. Ez dakit elkartasun sentimentu hori noiz arte luzatuko den, baino Elizondon bizi genuen esperientzia ikusita, zoragarria izango zen berritu ziren harremanak irauntea luzaro. Zeronek ere ikusi zenuen frontoian geundenen aurpegi gehienetan poza agertzen zela eta hainbertze jendea pozez ikusteak bihotzaren barnean poza haundiagoa pizten dizu oraindik. Polita izan zen eta zuri esker momentu batzuk berriro bizitzeko aukera badaukagu. Eskerrak bihotzetik.

    Neli Yanci, 2008/10/03 18:52

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia