euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Omenaldia euskaldunei Uruguaiko Kongresuan, 'Euskal Erria' Euskal Etxearen Mendeurrena ospatzeko

2012/05/16

Jose Andres Arocena diputatuak hitz egingo du gaur Uruguaiko Parlamentuan Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxearen Mendeurrena gogora ekarriz egingo den ekitaldian (argazkia DiarioElHeraldo.com.uy)
Jose Andres Arocena diputatuak hitz egingo du gaur Uruguaiko Parlamentuan Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxearen Mendeurrena gogora ekarriz egingo den ekitaldian (argazkia DiarioElHeraldo.com.uy)
Uruguaiko Ordezkarien Ganberak ezohiko saio bat egingo du gaur, aurten Mendeurrena ospatzen ari den Montevideoko 'Euskal Erria' Euskal Etxearen gorazarre. Ekitaldi horretan, Jose Andres Arocena diputatu nazionalak eskatuko du hitza, euskaldunek Uruguaiko historian zehar utzi duten arrastoa eta gaur egun ere egiten duten ekarpena aipatuz, ekarpen horren adierazle Euskal Erria Euskal Etxea bera. Uruguaira XIX. mendearen lehenengo erdian iritsi ziren Goizuetako nafarren ondorengo den Arocenak euskal emigranteek bertan ereindako baloreak aipatuko ditu, EuskalKultura.com-i adierazi dionez, beste hainbat uruguaitar bezala harro baitago arbasoengandik jasotako oinordetzaz. Bestalde, Uruguaiko Posta Zerbitzu Nazionalak euskal mendeurren honi eskainitako seilua aurkeztuko du ostiral honetan Montevideon, Euskal Erriaren San Jose 1168ko egoitzan egingo den beste ekitaldi batean.

Montevideo, Uruguai. Uruguaiko Ordezkari Ganbera Nazionalak omenaldia eskainiko dio gaur asteazkena, maiatzaren 16a, Montevideoko 'Euskal Erria' Euskal Etxeari, euskal erakunde honek 100 bete dituela-eta pasa den martxoan. Ekitaldian aurreikusita dago hitza eskatuko duela Florida departamentua ordezkatuz ganberakide den Jose Andres Arocena diputatu nazionalak eta berarekin mintzatu da EuskalKultura.com gehiago jakitearren ekitaldiaz. Arocenak azpimarratu digunez, handia da oso euskaldunen presentzia eta eragin historikoa gaur egun Uruguai den honetan, eta ekarpen horrekiko esker ona eta omena Euskal Erria euskal etxeari egingo zaion omenaldian nabarmenduko da.

Arocena bera, Uruguaira XIX. mendearen lehenengo erdian etorri ziren goizuetarren (Nafarroa) ondorengoa da eta bere familian badaude besteak beste Artegaveytia eta Arrangoitz bezalako deiturak. Izan ere, Uruguai jotzen dute askok munduan proportzionalki euskal jatorriko populazio handiena duen estatu edo herrialde gisa. "Kriolloa banaiz ere, eta shala entitzen banaiz ere gainerako uruguaitarrak bezala, gure familia Goizueta izeneko herri txiki batetik dator, eta herri hori gure familiako kideen erromesaldien biltzaile izan da tradizionalki, gure jatorria eta historia ezagutu ahal izateko", esan digu Floridako diputatuak. "Uruguaitarrak garela markatuta ere, gustatzen zaigu gure herentzia euskaldunaren arabera definitzea, batez ere immigrazio honek Uruguaira ekarri zituen baloreak direla-eta: errespetua familiari, lanari, nazioari...".

"Izan ere, gure familia 1839tik dago Uruguain eta geroztik beti egon da arocenatarren bat bertako bizitza sozial, politiko edo ekonomikoan, sekula ez izugarrizko protagonismoz, baina bai beti apal lan egiten, ohorez eta duintasunez. Famili ezaugarria izan dugu hori, eta batzuetan baita gure karma ere", adierazi digu.

"Gure departamentuan ere, esaterako, ugaria izan da euskal immigrazioa, eta aski da telefono liburuari gainbegiratua ematea zientoka euskal abizen topatzeko, konparazio baterako Leaniz, Oholeguy, Aguirre, Dibarbure, Echeverria, Almandoz, Echenique, Ibarra, Ibarburu, Mutuberria, Oriozabala, Zabala, Oxacelay eta beste hainbat". "Horregatik, Euskal Erria Euskal Etxearen Mendeurrena dela-eta Parlamentu Nazionaleko Diputatu Ganberan egingo den ekitaldian hitza eskatuko dut, aipatu ditudan ezaugarri horiez gain euskal immigrazioa Uruguain tradizionalki Alderdi Nazionaleko kide izan baita eta ni alderdi horretako legegile naiz", esan du.

Uruguaiko Parlamentu Nazionalaren Diputatu Ganberak Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxeari egingo dion omenaldia gaur arratsaldean gauzatuko da, 15:00etan.

Bestalde, eta Euskal Erria-tik adierazten zaigunez, Mendeurreneko egitarauak bestelako segida bat izango du datorren asteko ostiralean, egun horretan euskal etxearen egoitzan egingo den ekitaldi batean, Uruguaiko Posta Nazionalaren Zuzendaritzako ordezkariak mintzatuko baitira, izan ere euskal erakun dearen Mendeurrena gogoan hartzen duen seilu berezia aurkeztu eta kaleratzeko. Ekitaldia maiatzaren 25ean, San Jose 1168ko euskal egoitzako 'Aurora Ezcurra' aretoan izango da, goizeko hamaiketan. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia